Indarkeria matxista
Gizonezko bat atxilotu dute Loiuko aireportuan, hegazkinean emaztea jotzeagatik
agentziak | eitb media
Erasoak hegazkin barruan izan ziren, aireratu aurretik. Emakumea ikerketapean dago, gizonari ukabilkadak emateagatik.
Guardia Zibilak Ibizatik iritsi berri zen bidaiari bat atxilotu zuen Loiuko aireportuan, bikotekideari hegazkinean tratu txarrak ematea leporatuta.
Bizkaiko Komandantziako iturriek jakinarazi dutenez, emakumea ere ikerketapean dago, atxilotu gabe, gizonari aurpegian ukabilkadak emateagatik. Borroka hegazkinaren barrualdean gertatu zen, aireratu aurretik.
Abuztuaren 22an izan zen gertakaria. Guardia Zibileko Zerga eta Muga Ataleko agenteei ohartarazi zieten Ibizatik Loiura joan behar zen hegazkin batean bikote batek eztabaida handia izan zuela, eta elkar joka aritu zirela.
Hori horrela, guardia zibilak hegazkinaren zain geratu ziren, eta emakumeari deklarazioa hartu ziotenean, azaldu omen zien gizonarekin non eseri eztabaidatzen hasi eta elkar joz amaitu zutela.
Lekukoek, berriz, agenteei esan zieten emakumeak ere ukabilkadak eman zizkiola gizonari aurpegian, eta emakumea ere ikerketapean dago etxeko indarkeria delituagatik.
Izapideak beteta, atxilotua eta txostena Bilboko Guardiako Auzitegiaren esku utzi zituzten.