Itxi

Bizkaia

Antzar Eguna Lekeition, ehundik gora parte-hartzailerekin

Mikel Dominguez | EITB Media

Leer en Castellano

16:00etatik aurrera, Lekeitioko eta kanpoko kuadrillak gomazko antzarari heltzeko lehian arituko dira. Jendetza espero denez, Udalak herriko erdigunea itxiko du ibilgailuentzat, goizean goizetik.

2023ko Antzar Eguna Lekeition. Argazkia: EFE

Antzar Eguna ospatuko gaur, Lekeition, irailaren 1etik 8ra bitartean egiten dituzten San Antolin jaietako egun handia.

104 txalupak parte hartuko dute eguneko lehiaketan, antzara artifizial bati helduta ahalik eta jasoaldi gehien lortzeko borrokan. 84 kuadrilla lekeitiarrak eta eskualdeko udalerrietakoak izango dira, eta beste 20 urrutiagokoak.

Parte-hartzaileak ahalik eta altxaldi gehien egiten saiatuko dira, soka bati lotutako gomazko antzara bati gogor helduta.

Jai-giroa 10:00etatik aurrera hasi da pizten herriko karriketan, udal bandaren kalejirarekin, baina lehiaketa ez da 16:00ak arte hasiko. Altxaldiak 19:00etarako amaitzea aurreikusten du Udalak. Helburua da hiru orduan ahalik eta txalupa gehienek parte hartzea.

Aurtengo antzara pisutsuagoa izango da, eta lepo laburragoa izango du. Gomazko modalitateak tradizionalki erabilitako benetako animalia ordezkatu du: hasiera batean, bizirik, eta azken hamarkadetan, hilda.

Antzar jokoaren ostean, kukañaren txanda iritsiko da, edonork parte hartzeko moduko jolasa. Eta, gauean, Trikizio erromeria, DJ Gurru eta DJ Ibon Insausti arituko dira.

Jendetza espero denez, Udalak herriko erdigunea itxiko du ibilgailuentzat, goizean goizetik.

Lekeitioko Antzar Eguna, gaur, ETB1en eta eitb.eus atarian, zuzenean

Euskal Herriko jairik ezagunenetako bat da Lekeitioko Antzar Eguna, eta EITB Mediak zuzenean eskainiko du emankizuna. Ez galdu, gaur arratsaldean, 15:45etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus atarian.

Bideoak (2)