INKARKERIA MATXISTA
Festetan sexu-erasoengatik jarritako salaketak igo egin direla eta, "erne" jarraitzeko eskatu du Emakundek
EITB MEDIA
Gasteizko, Bilboko eta Donostiako jaietan izan diren sexu-erasoei buruzko datuak eman ditu gaur Emakumearen Euskal Erakundeak. Orotara, hiru hiriburuotan 19 salaketa jarri dira sexu-askatasunaren aurkako erasoekin lotuta.
EAEko hiriburuetako jaietan sexu-askatasunaren aurkako 19 salaketa (horietatik sei bortxaketengatik) erregistratu dituzte udaltzaingoek eta Ertzaintzak. Horrenbestez, nabarmen egin dute gora salaketek 2023 urtearekin alderatuta: zortzi salaketa izan ziren iaz.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eman ditu datuok gaur, festetako balantzea egiteko zabaldu duen oharrean. "Urtez urte, eraso matxisten gaitzespen publikoa handituz" doala nabarmendu badu ere, "erne jarraitzeko" deia egin du, jaietan salaketak igo egin direlako. Balantzea egiterakoan, hiriburuetako datuak hartu ditu kontuan, "termometro sozial gisa" balio dutelako, bere hitzetan.
Zehazki, aurtengo udan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan hamar salaketa izan dira sexu erasoengatik, hiru bortxaketagatik; Donostiako Aste Nagusian hiru, bat bortxaketagatik; eta Bilboko Aste Nagusian sei sexu-eraso salatu dira, horietatik bi bortxaketagatik. Genero indarkeriagatiko salaketak, berriz, denera 36 izan dira.
Elgarrestaren arabera, "jaietako pregoi edo hasierako hitz guztietan egon dira emakumeekiko errespetu eta askatasunaren aldeko deiak, jaien programek prebentzio mezuak agertu dituzte, puntu lilak egon dira, 24 orduko zentroak martxan. Sentsibilizazioa, baliabideak eta zerbitzuak gero eta handiagoak dira, eta, protokoloek ezartzen duten bezala, jaiak antolatzen hasten direnetik indarkeria matxistaren prebentzioa hartzen da kontuan".
Emakundeko zuzendariak eskerrak eman dizkie "udalei, jai batzordeei, ostalaritzari, elkarteei, mugimendu feministari eta herritar guztiei, jarrera matxistak gero eta gehiago gaitzesten dituzten jai guneak sortzen laguntzeagatik".