Matxura
Normaltasunera itzuli da Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, goiza zaildu duen matxura elektrikoa konponduta
EITB
Itzalaldi batek ospitaleko hainbat pabiloi ilunpean eduki ditu 05:00etatik 12:00etara, tartean kanpo-kontsultena; horietatik premiazkoenak baino ez dira artatu. Jaioberrien unitatean larrialdiko argindar-sistema aktibatu dute. Larrialdietan ez du eragin matxurak.
Transformadore elektriko batean izandako matxurak asko zaildu du goiza Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko hainbat pabiloitan.
05:00etatik 12:00etara ilunpean izan dira pabiloietako asko, tartean kanpo-kontsultena. Horietatik premiazkoenak ospitaleko beste eremu batzuetan artatu dituzte eta gainerako pazienteei txanda berria eman diete.
Gune batzuetan eskuko argiekin aritu dira lanean beharginak, eta jaioberrien unitatean, esaterako, larrialdiko argindar-sistema aktibatu dute, eremu horretako oinarrizko premiei erantzun ahal izateko.
Larrialdi Zerbitzuetan ez du itzalaldiak eraginik izan eta ohi bezala funtzionatu du.
12:00ak aldera lortu dute, azkenean, matxura konpontzea eta handik aurrera, apurka-apurka, normaltasunera itzuli da ospitalea.