Barakaldo
Oxinortek ekoizpena eten du astelehenera arte, "zaratak bizilagunak gogait ez ditzan"
AGENTZIAK | EITB MEDIA
AVEQ-KIMIKA enpresa elkarteak ohar baten bidez jakinarazi duenez, oxigenoa eta nitrogenoa ekoizten dituen sistema etenda egongo da asteburu osoan.
Barakaldoko Lutxana auzoko Gases Oxinorte enpresak iragarri du gasen ekoizpena eten duela, "zaratak bizilagunak gogait ez ditzan".
Hain zuzen ere, asteburu osoan egongo da etenda ekoizpena, AVEQ-KIMIKA enpresa elkarteak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Oxigenoa eta nitrogenoa ekoizten dituen sistema astelehen goizera arte egongo da geldirik.
"Zarata ozena eta etengabea da", eta horrek auzokideak haserretu ditu. Atzo bertan elkarretaratzea egin zuten Lutxanan, enpresa beste toki batera eramatea aldarrikatzeko.
Enpresak, bere aldetik, ekoizpena eteteko erabakia hartu du asteburuan, "herritarrekin dugun konpromisoa bermatze aldera". "Asteburua lasai igaro dezatela nahi dugu, bizilagunen ongizatea lehenetsita", azaldu dute.