MIGRAZIO KRISIA
Akordiorik ez Valentziako Gobernuaren eta Aita Mariren artean
eitb media
Erreskate-itsasontziak 63.000 euro ordaindu beharko ditu hango portuetan izateagatik, Generalitateak ez du atzera egin.
Aita Mari erreskate-itsasontziaren eta Valentziako Generalitatearen arteko bilera akordiorik gabe amaitu da, eta PPren Gobernuak 63.000 euro eskatzen jarraitzen du ontzia bertako portuetan egoteagatik.
Generalitateko arduradunekin bilera izan dute gaur Aita Mariko ordezkariek, baina, momentuz behintzat, ez diete barkatu ordaindu beharreko kopurua. Aita Marik errekurtsoa jarri du, tasa horiek eskatzea legearen kontrakoa dela argudiatuz.
Azken hiru urteetan Burrianan, Vinarosen eta Sagunton porturatuta pasa duen denboragatik, 63.000 euro eskatzen dizkio Valentziako Generalitateak Aita Mariri.
Iñigo Mijangos itsasontziko kapitainak aitortu du kalte handia egingo diola proiektuari diru hori ordaindu behar izateak, helegitea jarri duten arren tasa ordainaraziko dutelako.
Berez, Aita Mariko ordezkarien arabera, irabazi asmorik gabeko elkarteek ez lukete tasa hori ordaindu behar, baina PPrekin eta Voxekin hori aldatu egin dela uste dute.
Itsasontzia urrian abiatuko da Mediterranioan barrena migratzaileak erreskatatzera, eta misio bakoitzerako 70.000 euro inguru behar omen dituzte, hau da, ontzia portuan edukitzeagatik Generalitateak eskatzen dietena.