EITB Data
Mugikorra eta sare sozialak dira nerabeen aisialdiaren erdigunea
EITB Media
Gure haur eta nerabeek egiten duten telefono mugikorren eta interneten erabilerak guraso asko kezkatzen ditu. ETB-2n “Generación Click” saioa estreinatzear dela, gaiari buruzko azken datuak aztertu ditugu EITB Datan.
Teknologiak hartzen du gaur egungo gazteen aisialdi-denbora gehiena, eta telefono mugikorra, tableta edota ordenagailua ezinbesteko tresna bihurtu dira haietako askoren egunerokoan. Unicefek egindako "Teknologiaren eragina nerabezaroan 2023" txostenak argi dio: Euskal Autonomia Erkidegoko 11 eta 15 urte bitarteko nerabeen % 97,3k eta Nafarroako % 94,6k onartzen dute pantaila horietako baten aurrean pasatzen dutela denbora librea.
Izan ere, 10 eta 15 urte bitarteko 10 umetik ia 7k interneterako konexioa duen mugikor propioa dute; zehazki, % 68,9k EAEn eta % 64,3k Nafarroan. Biak Estatuko batez bestekoaren azpitik (%70,6) kokatu dira eta Nafarroa da Estatu osoan portzentaje atxikiena duen komunitatea.
Horrez gainera, azken hamar urteetan datua murriztuz joan da EAEn eta Nafarroan; badirudi gero eta haur eta nerabe gutxiagok dutela sakelako telefonoa. Horren arrazoia izan daiteke guraso asko elkartzen ari direla Tolosako Altxa Burua bezalako elkarteetan, haurrei mugikorra emateko adina atzeratzeko helburuarekin.
Mugikorra duten haur eta gaztetxoen bilakaera. Argazkia: EITB Media.
Pantailen erabilera adin horretako nerabeek aisialdian egiten duten beste edozein jardueraren gainetik dago. Unicefen txostenaren arabera, gaztetxoen %81ek sartzen dute kirola egitea bere aisialdiko ekintzen artean. Irakurtzea, berriz, % 55entzat soilik da aukera.
Mugikorra zertarako?
Txateatzea edo "whatsappeatzea", musika entzutea, sare sozialak kontsultatzea eta Youtuben edo Twitchen bideoak ikustea dira EAEko eta Nafarroako nerabeen lau jarduera nagusiak. 10etik 9 konektatzen dira horretarako.
Halaber, eskolako lanak egiteko edota telesailak eta filmak ikusteko 10etik 8 sartzen dira. Neurri txikiagoan aipatzen dituzte bideo-jokoetan jolastea, kirol emankizunak ikustea edo irakurtzearen tankerako beste zeregin batzuk.
Erabilera denborari dagokionez, egunean batez besteko 4 eta 6 ordu artean egoten direla pantailaren aurrean onartzen dute. Datua Estatukoaren oso antzekoa da.
Sare sozialek ia nerabe guztiak erakartzen dituzte. EAEn, 11 eta 15 urte bitarteko pertsonen % 98,8 sare sozialen batean erregistratuta daude. Nafarroan ere kopurua berdintsua da, % 98,6koa.
Halaber, EAEn % 84,1ek eta Nafarroan % 81,6k aitortu dute hiru sare sozialetan edo gehiagotan dutela profila. Youtube, Instagram eta TikTok dira haur eta nerabeen hiru gogokoenak.
Gaztetxo ia guztiek dute profila sare sozialen batean. Argazkia: EITB Media.