Erasoa Donostian
Emakumearen kontrako indarkeriaren epaitegiak hartuko du emakume gisa erregistratu zen ertzainaren kasua
Agentziak | EITB Media
Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak aintzat hartu du Gipuzkoako Fiskaltzak egindako eskaria.
Emakume gisa erregistratu ostean emazteari eta alabei eraso egiten saiatu zen ertzainaren kasuan, Donostiako 4. Instrukzio Epaitegia inhibitu egin da, eta, hortaz, Emakumearen kontrako indarkeriaren epaitegiak hartuko du bere gain auzia.
Horrenbestez, Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak aintzat hartu du Gipuzkoako Fiskaltzak egindako eskaria. Izan ere, 2023ko irailetik ertzaina Erregistro Zibilean emakume gisa ageri bada ere, auzia Emakumearen kontrako indarkeriaren epaitegiak hartzeko eskatu zuen.
Fiskaltzaren arabera, emakume gisa erregistratu aurretik bikotekidearen aurkako tratu txarrak egon izan balira, delituak metatu eta guztiak emakumearen aurkako indarkeria gisa aitortu ahal izango lirateke.
Pasa den abuztuaren 17an ertzain bat atxilotu zuten Donostiako Txomin Enea auzoan, emazteari eta alabei labanarekin eraso egiten ahalegintzea leporatuta.
Gertaturikoaren berri izan ondotik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zerbitzutik bota du ertzaina.