Europar Batasuna
EBko Justiziak Googleren aurkako isuna berretsi du, bere nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik
Agentziak | EITB Media
Europako Batzordeak 2.400 milioi euroko zigorra jarri zion AEBko enpresari, bilatzaileak mesede egin ziolako produktuak alderatzeko duen tresnari.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Googleren aurkako 2.400 milioi euroko isuna berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik, bere bilatzaileak mesede egin diolako produktuak alderatzeko duen tresnari, lehiakideen aldean. Ezin zaio erabaki horri helegiterik jarri.
Kasua 2017an hasi zen; orduan, Europako Batzordeak AEBko konpainia zigortu zuen, bilaketa-zerbitzu orokorren merkatuan zuen nagusitasunezko posizioaz baliatu zelako emaitzetan bere tresna lehentasunez aurkezteko.
Bruselaren ustez, horren ondorioz, erabiltzaileek sarriago egin zuten klik Googleren produktuak alderatzeko zerbitzuan lehiakideenetan baino, eta, beraz, Googleren emaitza orokorren orrialdeko datuen trafikoaren desbideratzearen arrazoia ez zen zerbitzuaren kalitate hobea, "autofaboritismoa" baizik.
Ikerketa horren ondorioz, Batzordeak isuna jarrio zion, eta Googlek Europako Justiziaren aurrean helegitea jarri zuen. Justiziak Bruselari arrazoia eman zion lehen instantzian, eta orain berretsi egin du.
Auzitegiak gogorarazi du EBko Zuzenbideak ez duela debekatzen berez nagusitasunezko egoera bat egotea, baizik eta horretaz abusatzea, eta gaineratu du Batzordeak egindako ikerketak frogatu zuela kasu horretan Googleren jokabidea diskriminatzailea izan zela eta ez zegokiola merezimenduetan oinarritutako lehiari.
Bestalde, multinazionala "desengainatuta" agertu da auzitegiaren erabakiarekin. "Epai hau oso gertaera zehatzei buruzkoa da, eta 2017an jada aldaketak egin genituen Europako Batzordearen erabakia betetzeko. Gure ikuspegiak arrakastaz funtzionatu du zazpi urte hauetan, eta milaka milioi klik sortu ditu erosketak alderatzeko 800 zerbitzutan baino gehiagotan", adierazi du Googlek.