ZIENTZIA
Amonite erraldoi baten fosila aurkitu dute Langraiz Okan
Agentziak | EITB Media
87 milioi urte inguru ditu eta Arabako Natur Zientzien Museoan gorde eta aztertuko dute.
Ammonoidea baten fosil erraldoi bat aurkitu dutela Langraiz Okan (Araba) jakinarazi du Arabako Foru Aldundiak.
Pieza goi-kretazeokoa da, eta 87 milioi urte inguru izango ditu.
Deigarria bere tamaina da: 61 x 56 x 6 zentimetroko neurriak ditu. Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak adierazi duenez, "40 zentimetro inguruko amonite-fosilak ohikoak dira, baina hau 60 zentimetrokoa".
Foru Erakundeak azaldu duenez, mendian txangoa egiten ari ziren pertsona batzuk izan ziren iraila hasieran aurkikuntza egin zutenak eta Arabako Zientzia Museoko bildumak kontserbatzeaz arduratzen den enpresako paleontologo bati jakinarazi ziotenak.
Pieza trinkotuta zegoen, zatitu eta pitzatu gabe; beraz, fosila osorik atera ahal izan zen, arazorik gabe. Orain, Arabako Natur Zientzien Museoko Zaharberritze Zerbitzuan dago, eta Aldundiak "gordetzeko eta ahalik eta azkarren erakusgai jartzeko" asmoa du.
Amonitea Arabako Natur Zientzien Museoan duten hirugarrena izango da.
Extracción del fósil en Nanclares de la Oca. Foto: Diputación Foral de Álava