Itxi

Araudi berria

Zenbat alkohol edanda eman dezaket 0,2?

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Odoleko alkohol-tasak ez dio arau matematiko bati jarraitzen, eta hainbat faktoreren mende dago, hala nola hartutako elikagaien, edari motaren, edan denetik igarotako denboraren, alkoholarekiko tolerantziaren eta adinaren mende.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainiako Trafiko Zuzendaritzak gehinezko alkohol-tasa 0,5 gramotik 0,2ra jaistea proposatu du. Zer esan nahi du horrek edan daitekeen alkohol kopuruari dagokionez? Odol litro bakoitzeko egon daitekeen alkohol-tasan faktore askok dute eragina, baina gomendioa erraza da: gidatu aurretik ez edan.

Odoleko alkohol-tasak ez dio arau matematiko bati jarraitzen, eta hainbat faktoreren mende dago, hala nola hartutako elikagaien, edari motaren, edan denetik igarotako denboraren, alkoholarekiko tolerantziaren edo adinaren mende. Trafiko Zuzendaritzak ohartarazi du alkoholak gehiago eragiten diela 18 urtetik beherakoei eta 65 urtetik gorakoei.

Era berean, alkoholak ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei, ezta pertsona lodi eta argalei ere. Faktore gehiagok eragiten dute, hala nola alkohola edateko eguneko orduak. Pertsona bat atseden hatzen ari denean alkohola askoz ere motelago kanporatzen da jarduera-aldietan baino.

Trikimailu faltsuak

Trafiko Zuzendaritzak alkoholemia-proba gainditzeko erabiltzen diren mito eta trikimailu faltsuei kasurik ez egiteko gomendatu du. Horien artean, klasikoak aipatu ditu, hala nola ariketa fisikoa egitea, txikleak edo gozokiak hartzea, kafe aleak mastekatzea, olioa edatea edo kokaina kontsumitzea.

Mito faltsuak aipatzen hasita, hauek ere aipatu ditu: nahikoa da kafe bat edo te bat hartzea, lokuluxka bat egitea edo akohola egunean zehar banatuta edatea alkoholemia-tasa ez gainditzeko. Horiek ere ez dutela balio azpimarratu du.

Zenbat alkohol edanda gainditzen da muga?

Aurreko aldagai guztiak kontuan hartuta, Espainiako Trafiko Zuzendaritzak gehien edaten diren edarien inguruan neurri orokor batzuk ezarri ditu. Horien arabera, ia edozein edari kontsumituz gero, odoleko 0,2 l/g-ko tasa ematen da edo hortik gorakoa.

70 eta 90 kilo arteko gizon batek garagardo bat edanez gero, 0,21 eta 0,28 arteko tasa emango luke. Onartutako gehienezko muga gaindituko luke, beraz. 50 eta 70 kilo arteko emakume baten kasuan, tasa 0,34 eta 0,48 artekoa izango litzateke.

100 mililitroko ardo-baso bat edaten duen pisu horretako gidari batek mugara iristeko arriskua izango luke, 0,16 eta 0,2 arteko tasa emango baluke. Emakume bat ezingo litzateke bolantean jarri, gutxienez 0,25 graduko tasa emango bailuke.

Bermut txiki bat edo graduazio baxuko (23 gradu) likore bat edanez gero, tasa ez litzateke 0,2 baino handiagoa izango, baina 70 eta 90 kilo arteko gizonen artean bakarrik. Emakumeek baimendutako tasa gaindituko lukete.

Sailkapenak brandy edo konbinatu kategoriak ere jasotzen ditu. Kasu horietan guztietan, koparik txikiena hartuta ere gaindituko litzateke 0,2ko tasa.

Bideoak (1)