Itxi

EGURALDIA

Udazkena astebete aurreratu da termometroetan

eitb media

Leer en Castellano

Pagoetan -0,2 ºC izan dira goizaldean, eta -0,1 ºC Iturrietan. Giro fresko eta eguzkitsua nagusituko da asteburu osoan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Tenperatura baxuak eta giro eguzkitsua nagusituko dira asteburuan eta datorren astearen hasieran. Goizean leku batzuetan behe-lainoa izango bada ere, ondoren altxatu eta zeru urdina egongo da Euskal Herri luze-zabalean.

Giro freskoaren erakusgarri, gaur goizaldean Pagoetan -0,2 ºC izan dituzte, eta Iturrietan -0,1 ºC. Gasteizen, tenperatura 3,5 graduraino jaitsi da, eta 10 graduren bueltan ibili dira kostaldean. Eguerdian, epeldu egingo du eta tenperatura ez da gehiegi igoko.

Gaur, giro eguzkitsua baina freskoa izango dugu. Azpimarragarriena egunsentiko tenperatura minimoak izango dira; izan ere, 5 ºC-tik jaitsiko dira barnealdeko leku askotan eta 8-9 ºC ingurukoak izango dira kostaldean. Egunez, aldiz, tenperatura atzo baino gehiago igoko da eta balio altuenak 20-22 ºC inguruan geratuko dira. Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, bereziki arratsaldean; orduan, indartu egingo da barnealdean.

Igandean, berdintsu jarraituko dugu. Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da, eta goi-hodei batzuk agertuko dira egunaren amaieran. Ekialdeko eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko da. Tenperaturan ez da aldaketarik izango: maximoak 20-22 ºC ingurukoak izango dira eta minimoak 5 ºC ingurukoak barnealdean eta 10 ºC ingurukoak kostaldean. Baliteke Arabako eta Nafarroako zenbait lekutan izotza egitea.

Astelehenean, eguraldi egonkor eta eguzkitsuak jarraipena izango du. Eguzkitsu egon arren, asteburuan baino hodei gehiago izango ditugu; behe-hodeiak sor daitezke kostaldean, eta goi-hodeiak joango dira agertzen gainerako tokietan ere. Haizeak iparraldetik edo ipar-ekialdetik joko du, eta tenperatura maximoak 20-22 ºC ingurukoak izango dira. Gauean, nabarmen hoztuko du berriro.

Asteartean zerua estalita egingo da, eta asteazkenean prezipitazioak itzul daitezke.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.

Bideoak (1)