Indarkeria matxista
Gizon batek bikotekide ohia gasolinaz busti du eta su eman dio, Vigon
Agentziak | EITB
30 urte inguruko emakumeak erredurak ditu gorputzaren % 35ean, eta ospitalera eraman dute. Erasotzailea, 40 bat urtekoa, atxilotu egin dute, baina atxilotzera joan zaizkion Polizia Nazionaleko agenteei garagardo botila batekin eraso egiten saiatu da.
40 urte inguruko gizon bat atxilotu dute larunbat goizean Vigon, 30 urte inguruko bikotekide ohia gasolinaz busti eta su ematea egotzita.
Biktimak erredurak ditu gorputzaren % 35ean, eta Vigoko Alvaro Cunqueiro ospitalera eraman dute, baina Coruñako Unibertsitate Ospitaleko Erreduren Unitatera eramango dute seguruenik.
Espainiako Gobernuak Pontevedran duen Ordezkariordetzako iturriek adierazi dutenez, erasoa Valladaresko errepidean gertatu da.
Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute, baina atxilotzera joan zaizkion Polizia Nazionaleko agenteei garagardo botila batekin eraso egiten saiatu da.
Galiziako 112 Larrialdietarako Zerbitzuak 09:00ak aldera jaso du abisua, gizon batek koinatarentzat laguntza eske deitu baitu, erredurak zituelako.
Larrialdietarako Zerbitzuak Urxencias Sanitarias, Polizia Nazionala eta Vigoko Udaltzaingoa mobilizatu ditu.