OSASUNA
Osakidetzak astelehen honetan hasiko du bronkiolitis akutuaren aurkako txertaketa kanpaina haurren artean
EITB MEDIA
Txertoa, batez ere, jaioberriei, 3 hilabetetik beherakoei, ume goiztiarrei eta gaixotasun kronikoren bat duten 2 urtetik beherako haurrei jarriko diete. Kanpaina horren bidez, ospitaleratzeen kopurua erdira murriztu nahi dute.
Bigarren urtez jarraian, Osakidetzak txertoa jarriko die bronkiolitis larria edo akutua izateko arrisku handiena duten haurrei. Kanpaina astelehenean hasiko da, irailaren 16an, eta ospitaleratzeak % 50 baino gehiago murriztea du helburu. Urtero, 6.000 haurri baino gehiagori eragiten die arnas aparatuko gaixotasun horrek.
Zehazki, kanpaina honetan aintzat hartu diren haurrak lau taldetan banatu dituzte: haur jaioberriak (kanpainak irauten duen denbora-tarte osoan jaso ahalko dute txertoa), uztailaren 1etik irailaren 15era bitartean jaiotakoak (hasieran jarriko diete txertoa, irailaren 16tik urriaren erdialdera arte), 35 aste baino gutxiagoko haurdunaldiaren ondoren jaiotako ume goiztiarrak eta 2 urtetik beherako haurrak, arnasketako, bihotzeko edota neurologiako gaixotasunen bat dutenak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak dei egin die familiei "seme-alabak immunizatzeko, urtero 6.000 haurtxori baino gehiagori eragiten dien arnas gaixotasunaren aurrean".
Bronkiolitis akutua arnas infekzioa da, eta, batez ere, bi urtetik beherako haurrei eragiten die. Hasieran, katarroaren antzeko sintomekin agertzen da, eta egun batzuen buruan beste sintoma batzuk ager daitezke: arnasa hartzeko zailtasunak, txistuak entzutea edo nekea.