Itxi

TRAFIKOA

Bilboko Udala gaur hasiko da isunak jartzen Emisio Gutxiko Eremuan, egokitzapen epea amaituta

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Ekainaren 15ean sartu zen indarrean araua eta, ordutik, sarbideen kontrola martxan egon da, baina isunak jarri beharrean, ohartarazpenak bidali dizkiete araua urratu dutenei.

Bilbon Emisio Baxuen Eremuaz ohartarazten duen kartela. Argazkia: EFE

Bilboko Emisio Gutxiko Eremuari dagozkion neurriak guztiz aplikatuko dira astelehen honetatik aurrera (irailak 16), eta isunak jartzen hasiko dira, erabiltzaileei muga berrietara egokitzeko hiru hilabeteko epea bukatu baita.

Araua ekainaren 15ean jarri zen indarrean eta, ordutik, sarbideen kontrola martxan egon da, baina isunak jarri beharrean, ohartarazpenak bidali dizkiete araua urratu dutenei.

Hori horrela, Udalak aleatorioki bidali dizkie gutunak arau haustaileei, "kontzientziazio neurri gisa". Udalak zehaztu du Emisio Gutxiko Eremuaren araua askotan urratu dutenei bidali dizkietela gutunak bereziki.

Udaleko arduradunek azpimarratu dute neurri horrekin "osasun publikoa eta Bilboko airearen kalitatea hobetu" nahi dutela, "mugikortasun irakunkorra" sustatzearekin batera, "2030erako aurreikusitako ingurugiro helburuak lortzeko asmoz".

- Data: ekainaren 15etik aurrera ezin izango dira emisio gutxiko eremura sartu 2000. urtea baino lehen matrikulatutako gasolina-motorra duten ibilgailuak eta 2006. urtea baino lehenagoko matrikula duten dieselak

– Mugatutako eremua: Abando, Indautxu eta Abandoibarra

– Ordutegia: Eremua mugatuta egongo da goizeko 7:00etatik arratsaldeko 20:00etara, lanegunetan

- Lehen urtea: Murrizketak A etiketa duten ibilgailueei edo eskatu ez duten eta, beraz, derrigorrezko bereizgarria ez duten autoei eragingo die aurreneko urtean.

- Graduala izango da: Hilabeteek aurrera egin ahala, murrizketa gehiago izango dira. 2025etik aurrera, B ibilgailuek ere mugatuta izango dute zentrora sartzea, eta 2030erako, Eco ibilgailuek edo C etiketa dutenek bakarrik zirkulatu eta aparkatu ahal izango dute Bilboko emisio gutxiko eremuan.

- Salbuespenak: Salbuetsita daude emisio gutxiko eremuan bizi diren pertsonak (egoiliarrak), ostalariak eta merkatariak edo mugitzeko arazoak dituztenak, besteak beste. Ibilgailu historikoak ere salbuetsita daude. Azkenik, ibilgailu ez-kutsatzaile bat erosi dutela egiaztatzen dutenak eremu horretan sartu ahal izango dira ibilgailu berria jaso bitartean.

- Baimenak edo gonbidapenak: Garaje-plaza bakoitzeko, lau matrikula "gonbidatzeko" baimena jaso ahal izango dituzte aparkalekuen jabeek. Baimen bereziak egongo dira 75 urtetik gorakoentzat. Erroldatutako pertsonen ibilgailuak renting, leasing edo enpresaren izenean dauden autoak ere izan daitezke.

- Nahitaezko etiketa: Ingurumen etiketa Correosen eska daiteke, bost euroren truke.