Itxi

Migrazioa

Poliziaren dispositibo bereziak saihestu egin du, oraingoz, Ceutan migratzaileen sarrera masiboa

Agentziak | EITB

Leer en Castellano

Segurtasun-dispositiboa martxan da, sare sozialetan sarrera masiboa antolatzera bultzatzen zuten bideoak zabaldu direlako azken egunotan. Marokoko Fnideq herritik Ceutara sartzeko saiakerak eta atxiloketak izan dira. Mutil bat hil da, ustez Ceutara igerian iritsi nahian.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ceuta eta Maroko arteko mugaren bi aldeak poliziaz josita egoteak eragotzi egin du, igandean behintzat, migratzaileak, sare sozialen bidez egindako deiei erantzunez, hiri autonomora modu masiboan sartzea. 

Tentsio nabariko gau eta egun baten ostean, migratzaile talde batzuk, 300 eta 400 pertsona artean, mugatik hurbilen dagoen ingurune horretatik sakabanatu dira azken orduetan.

Hala ere, Espainiako aldean, bertan jarraitzen du Guardia Zibilak, dispositibo berezia indarrean duela.

Marokon egindako sarekaden eta poliziaren presentzia handiaren ondorioz, inork ez du lortu Ceutara iristea, mugako kontrolei iseka egin eta Tarajal hondartzara igerian iritsi den gazte marokoar bat izan ezik. 

Muga, tarteka itxita

Espainiako Gobernuak Ceutan duen Ordezkaritzak igandean baieztatu duenez, Tarajalgo muga itxi dute "aldizka" ehunka pertsona migratzaile Maroko eta Espainia arteko mugara gerturatu ondotik, Marokotik Espainiara sartzeko asmotan

Espainiako Gobernuak eta Marokokoak "erabateko elkarlanean" hartutako erabakia izan dela azaldu dute, duela egun batzuetatik hona legez kanpoko migrazioa geldiarazteko ahaleginean ari baitira. 

Espainiako Gobernuaren Ceutako Ordezkaritzak ez daki zehazki zenbat lagun egon diren igandean hirira sartu nahian, baina, iragarri bezala, muga itxi eta zabaltzen jardun dira egun osoan, harik eta Saharaz hegoaldeko eta Magrebeko migratzaile-taldeak mugaren inguruetatik aldendu diren arte. 

Espainiako Estatuko indarrak bertan izan dira goizetik, 11:00k aldera muga lehen aldiz itxi denetik, Ceutara ez dadin inor baimenik gabe sartu. 

Segurtasun-dispositiboa martxan da, sare sozialetan sarrera masiboa antolatzera bultzatzen zuten bideoak zabaldu direlako azken egunotan.

Guardia Zibilak dispositiboa indartu du, besteak beste, helikoptero bat eta Erreserba eta Segurtasun Taldeko (GRS) agenteak bideratuta.

Igande goizaldea lasaia izan da Espainiako aldean, baina sartzeko saiakerak eta atxiloketak izan dira Marokoko Fnideq herrian.

Mohamed Ben Issa Giza Eskubideen Iparraldeko Behatokiko arduradunak larunbatean Press Tetuani azaldu zionez, abuztuan hasi ziren Marokoko herri hori blindatzen, Marokotik Espainiara pasatzeko saiakerak areagotu zirenean.

"Fnideq herrian, kontrolgune zehatzez gain, segurtasun zaintza zorrotza dago. Segurtasun agintariek ez dute baztertu bertako hondartzan zehar burdinazko lau kilometroko hesiak jartzea, migrazio irregularra amesten duten gazteak urrun mantentzeko", adierazi du Ben Issak.

Marokoko kazetariek jazarpena salatu dute

Segurtasun agenteak ez ezik, Marokoko hedabideetako kazetariak ere joan dira Fnideqera larunbatean, eta horietako batzuek salatu dute jazarpena, indarkeria eta irainak jasan dituztela lanean ari zirela.

Marokoko Prentsaren Sindikatu Nazionalak ohar bat argitaratu du gertatutakoa salatzeko, eta gogorarazi du informazioaren profesionalak lanean ari direla "agintariei babesa emateko", Maroko "babesteko" eta "haren eta herritarren ospeari kalte egiten dieten saiakerak gelditzeko".

Sindikatuak "komunikabideekin elkarlanean aritzeko" eskatu die segurtasun indarrei.

Gazte marokoar bat hil da

Marokoko nazionalitatea duen gizon gazte baten gorpua agertu da Fnideqeko hondartzan, urak haraino eramanda. 

Zantzu guztien arabera, Marokotik Ceutara igerian gurutzatzen saiatu den gazte bat da hildakoa, saiakera horretan ito dena.

Marokoko hedabideek argitaratu dituzten irudietan ikusten da dozenaka lagun gorpua jasotzen eta hura anbulantzia batera eramaten, poltsa batean sartuta. 

Fnideqeko hondartzan agertu da gorpua. EFE.

Bideoak (1)