Itxi

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Begoña Pedrosa: "Ikasturte honetatik abiatuta hobekuntza estrategia integral bat abian jarriko dugu"

O. A. | EITB Media

Leer en Castellano

Hezkuntza sailburuaren arabera, hainbat oinarrizko konpetentziatan eragitea da helburua, ikastetxeekin, ikasleekin eta, batik bat, irakasleekin elkarlanean.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Lan urte politikoa hasi berritan, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak nabarmendu du "hobekuntza estrategia berri bat" abian jarriko dela ikasturte honetan ikasleen oinarrizko hainbat konpetentziatan eragiteko asmoz, ikastetxeekin, ikasleekin eta, batik bat, irakasleekin elkarlanean. Hezkuntza Lege berriaren baitan kokatzen den ekimena dela zehaztu du.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, ikastetxe bakoitzak urtero diseinatzen ditu hobekuntza prozesuak eta ekintza propioak. Hortik haratago joanda, ikasturte honetatik aurrera, Hezkuntza Sailak "tresna berriak" emango dizkie ikastetxeei, horiek "monitorizatzeko" aukera emango die, eta "errefortzu berriak" ere martxan jarriko ditu.

Horrez gain, Pedrosak adierazi du Hezkuntza Legeak jasotzen duela, ikasleak ez ezik, martxan jartzen diren programak eta irakasleen eskuhartzea ebaluatu behar direla eta, ildo horretan, hainbat elementu berri sartuko dituztela hurrengo urteetan. Dena den, azpimarratu du "arnas luzeko prozesuak" direla eta zer emaitza ematen duten ikusi beharko dela.

Segregazioari aurre egiteko bigarren ikasturtez matrikulazio prozesuan hartu diren neurrien emaitzak ikusteko hiruzpalau urte beharko direla uste du Pedrosa sailburuak. Hala ere, hori neurri kuantitatibo edo zuzentzaile bat baino ez dela gogoratu du, eta badirela kualitatiboak edo ukiezinak diren beste batzuk. Horien artean, kulturartekotasuna jarri du adibide gisa.

Bestalde, euskarari lotuta, ikasleen motibazioan eta atxikimenduan lan egitea lehentasuna dela aipatu du Pedrosak. Horren arabera, hizkuntza ereduak gaindituta daude eta ikastetxeetan erabiltzen den metodologian, hau da, didaktikan, "iraultza" behar da.

Ikastetxeetan sakelekoa erabiltzeari dagokionez, ikastetxe bakoitzak gurasoen parte hartzeaz egiten ari den gogoeta marko egokia duela uste du sailburuak. Edozein kasutan, helburu nagusia erabakiak kontsentsuz hartzea izan behar dela aldarrikatu du.

 

 

Bideoak (1)

Audioak (1)