Elkarrizketa Radio Euskadin
Osasungintzaren inguruko kexen igoeraz ohartarazi du Arartekoak: "Astero 5-10 jasotzen ditugu"
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Manu Lezertuaren arabera, iaz arlo horri buruz jasotako erreklamazioen gorakadarekin "oso harrituta" geratu ziren, eta aurten ere gehien igo den eremua da. Iragarri duenez, Osasun sailburuarekin bilduko da aurki kexen bilduma aurkezteko.
Manu Lezertua arartekoak jakinarazi duenez, iaz bezala, aurten asko dira Osakidetzaren inguruan herritarrek helarazitako kexak. "Gehien igo den arloa da (...) iaz oso harrituta geratu ginen jasotako kexa kopuruarekin, eta aurten, astero 5-10 heltzen zaizkigu; lan handia da", ohartarazi du.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioan elkarrizketa egin du Lezertuak. Horren arabera, kexak askotarikoak dira, eta "anbulantziekin, jasotako arretarekin, Lehen Arretarekin edota aurrez aurreko hitzordua lortzeko zailtasunarekin" zerikusia dute. Hala, iragarri du aurki Alberto Martinez Osasun sailburuarekin bilduko dela erreklamazio guztiak zertan diren azaltzeko.
"Herritarrek kexak aurkezteak ez du esan nahi beti arrazoia dutenik", azaldu du. Zehaztu duenez, Arartekoak kasuen erdietan baino gutxiagotan egiten du bat erreklamazioarekin. Argitu duenez, bulegoak emandakoak ez dira epaiak, gomendioak baizik. "Administrazioak esan dezake ez duela gure aholkua beteko, ados ez dagoelako. Dena den, guk uste dugu ez betetzeko arrazoia eman eman behar duela", aldarrikatu du. Izan ere, gogorarazi du delitua dela Arartekoari ez erantzutea. "Duela urtebete eta erdi nahaspila sortu zen salatu nuelako 46 erakundek Arartekoari erantzuten ez ziotela, eta arazoa zuzentzen joan zen. Ordutik, atzerapenak badaude, baina urraketak ez dira erabatekoak", nabarmen du.
2025ean Arartekoaren Legea erreformatzeko galdea egin du Lezertuak, eta eskakizuna ULETA izeneko txosten batean bildu ditu. Besteak beste, bulegoaren eskumenak handitu eta presio bide gehiago galdegin ditu. Horren harira, iragarri du, Nafarroan ez bezala, EAEan ez dutela isunen sistemaren alde egingo. "Isunak herritarrak ordaintzen ditu, ez baitira urratzailearen poltsikotik aterako", arrazoitu du. Hori horrela, kasurik larrienetan, "beste formula batzuk" ezartzea proposatuko dituela azaldu du. Adibidez, legea urratu duen administrazioaren arduraduna Legebiltzarrera deitzea, Giza Eskubideen Batzordean azalpenak eman ditzan.