Immigrazioa
Azken 20 urteotan laukoiztu egin da EAEn erroldatutako atzerritarren kopurua, Ikuspegiren arabera
EITB Media
Immigrazioaren Euskal Behatokiak 2003-2023 aldiaren azterketa egin du. Nabarmen hazi da fenomenoa: duela 20 urte, atzerritarren populazioak ez zuen 70.000 pertsonaren langa gainditzen; egun, 275.000 dira ia. Bizkaian dago kopuru handiena baina, proportzioan, Arabak du gehien.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak 20 urte bete ditu aurten, eta urtemuga baliatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizartearen aurpegia osatu nahi izan du atzerriko herritarren bilakaerari buruzko datuak jasota. Datuon arabera, bi hamarkadotan laukoiztu egin da herritarron kopurua: 2003an, ez ziren biztanleria osoaren % 3ra heltzen (66.348 pertsona); 2023an, aldiz, % 12 izatera heldu dira (274.142 herritar).
"Bi hamarkada Euskadiko migrazioari eta asiloari buruz hausnartzen" liburua ondu du Behatokiak, eta azterketa horren emaitzak ezagutarazi ditu gaur Bilbon horren harira egindako jardunaldietan. Datuen berri emateaz gain, migrazioaren fenomenoari buruzko gogoetak bildu ditu, 20 adituk egindako analisiarekin. Azken bi hamarkadotako bilakaera ere aztertu du: 2003ko lehen etorrerak, 2010eko migrazio fluxuen egonkortzea eta 2013ko krisi ekonomikoaren ondorioak.
Lurraldeka, atzerritik etorritako biztanleen erdiak baino gehiago Bizkaian bizi dira; beste ia herenak Gipuzkoa du bizileku, eta gainerakoak (% 17,9) Araban daude erroldatuta. Dena dela, lurralde bakoitzeko biztanleriarekin alderatuz gero, egoera irauli egiten da: Arabak du portzentaje handiena (% 14,6), ondoren, Gipuzkoak (% 12,1) eta azkenik, Bizkaiak (% 11,9).
Nazionalitateei erreparatuta, gehienak Latinoamerikatik etorritakoak dira (% 54), eta % 18k Europako beste herrialde bat dute jaioterri. Magrebetik heldutakoak % 14,5 dira, eta Saharaz azpiko Afrikatik % 6,6.
Jaioterria utzi eta Euskadira etortzeko arrazoiak aztertuta, ekonomiak du pisu handiena. "Gure herrialdera iritsitako atzerritar gehienak arrazoi ekonomikoek bultzatuta heldu dira: lanera etorri dira, bizimodua ateratzera", diote liburuan. Dena dela, 2016tik, nazioarteko babes-eskaerak asko hazi dira, batez ere Latinoamerikako
herrialdeetatik (Kolonbia, Venezuela, Nikaragua eta Honduras, besteak beste) eta Afrikatik (Nigeria, esaterako). Logikoa den moduan, Ukrainako gerraren ondorioz ere nabarmen handitu da EAEn aldi baterako nazioarteko babesa eskatu duten ukrainarren kopurua. Beste motibo batzuk ere aipatzen dira: familia berriz elkartzea, senideen eta ezagunen artean esan-entzundakoak, immigranteek helmugako herrialdean duten bizi esperientziari buruz jatorrizko herrialdera helarazten duten informazioa.
Sexuaren arabera sailkatuta, 2013tik emakumezkoen kopurua gizonezkoena baino handiagoa da, aldea handituz joan zen 2019ra arte, eta urte horretatik aurrera egonkor mantendu da. 2023an, feminizazio-tasa % 52,4 zen, eta duela lau urte, berriz, % 50,3. Bada salbuespenik, Magrebetik etorritako 10 herritarretik 6 gizonezkoak dira.
Datuok eta adituen hausnarketak aztertuta liburuak ondorioztatu duenez, immigrazioa "gertakari koiuntural" izateari utzi zion aspaldi, eta "egiturazko errealitate bat" da gaur-gaurkoz. "Atzerritik etorritako immigrazioaren fenomenoa eta horrek sortu duen aniztasuna EAEko gizartearen egiturazko ezaugarri bihurtu dira. Horrek esan nahi du gaur egun ezin aztertu eta uler daitezkeela EAEko gizartearen errealitateak eta arazoak bertako aniztasuna kontuan hartu gabe", azpimarratu dute.
Hain justu, hori aldarrikatu du Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak liburuaren aurkezpenean. Horren aburuz, "beharrezkoa da Euskadi anitzagoaren, pluralagoaren, aldeko apustua egiten jarraitzea. Erakundeak eta Hirugarren Sektore Soziala elkarren alboan egongo diren Euskadiren aldeko apustua".
Julia Shershneva Ikuspegiren zuzendariak azaldu duenez, bestalde, Euskadira heldutako atzerritar jatorrikoen etorrera "krisi aurreko balioetara" itzuli da.