Itxi

Indarkeria matxista

Iaz intentsitate handiko indarkeria matxistaren 6.700 kasu baino gehiago zenbatu ziren Hego Euskal Herrian

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Hilketak, tratu txarrak, indarkeria bikarioa edota sexu askatasunaren kontrako delituak sartzen dira hor. Mota honetako erasoek goranzko joera erregistratu dute 20215etik; 2020a izan zen salbuespena (behera egin zuten), konfinamendua tarteko.

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat. EFE

2023an, intentsitate handiko indarkeria matxistaren 6.740 kasu zenbatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren kriminalitatearen webgunean jasotako datuen arabera.

Barne Ministerioak intentsitate handikotzat jotzen ditu hilketak, lesioak, askatasun eta osotasun moralaren kontrako delituak, sexu askatasunaren kontrakoak eta bikotekide ohiaren zein bikotekidearen kontra egindako "indarkeriazko edo larderiazko edozein delitu".

Halaber, kategoria honen baitan daude biktimari abortu bat eragiten dioten ekintzak, fetuari eragindako lesioak eta indarkeria bikarioa

Iaz 4.879 kasu izan ziren EAEn, eta 1.861, Nafarroan. Espainiako Estatuan, 123.452 kasu izan ziren, 2022an baino % 9,8 gehiago eta duela bost urte baino % 48 gehiago.

2015etik goranzko joera dute intentsitate handiko indarkeria matxistaren kasuek —gero eta gehiago salatzen dira—. Salbuespen bakarra dago, 2020a, orduan behera egin baitzuten, pandemiak eragindako konfinamendua tarteko. Hala ere, ez salatzeak ez du esan nahi gertatzen ez direnik.

__________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

_________________________________

Informazio gehiago (1)