Bilbo
Pertsona bat atxilotu dute, Zazpikaleetan etxegabetze bat gelditzen saiatzeko egindako protestan
Agentziak | EITB Media
Etxegabetzea gauzatu dute eta Azet Etxebizitza Sindikatuak manifestazioa deitu du 19:00etarako, Done Jakue plazan, kaleratuei eta atxilotuari elkartasuna adierazteko.
Tentsio uneak bizi izan dira gaur goizean Bilboko Zazpikaleetan, etxegabetze bat eragozten saiatzeko elkartu direnen eta Bilboko Udaltzaingoaren artean. Azkenean, etxegabetzea gauzatu eta pertsona bat atxilotu dute, Azet Etxebizitza Sindikatuak eta Bilboko Udaltzaingoak jakinarazi dutenez.
Azet Etxebizitza Sindikatuak erresistentzia deialdia egina zuen Artekalen, eta goizeko lehen ordutik dozenaka pertsona elkartu dira, kartelak eskuan hartuta.
Deitzaileek azaldu dutenez, asmoa hiru gazte immigranteren kaleratzea "gelditzea" eta gutxienez urri erdialdera egingo den epaiketara arte atzeratzea zen. Sindikatuko bi kide komitiba judizialarekin negoziatzen aritu dira etxegabetzea saihesteko, baina ez dute lortu.
Komitiba judiziala erretiratzen ari zela, protesta egiteko elkartu direnetako batzuk atarian sartzen ahalegindu dira, eta, ondorioz, tentsio uneak sortu dira beraien eta udaltzainen artean. Are gehiago, Azet Etxebizitza Sindikatuko kide bat atxilotu dute.
Hori guztia dela eta, Azet Etxebizitza Sindikatuak manifestazioa deitu du 19:00etarako, Done Jakue plazan, kaleratzea salatzeko eta kaleratuei eta atxilotuari elkartasuna adierazteko.
Bilboko Udaleko iturriek azaldu dutenez, komitiba judiziala irteten ari zela pertsona batzuk atarian sartzen saiatu dira. Hori dela eta, pertsona bat atxilotu dute erresistentzia larria leporatuta eta beste bat salatu dute.