Gertakaria
"Sustoa" Bermeon, hodi bat apurtu eta gas ihes handia izan baita
EITB MEdia
Gertakaria 10:00ak baino lehen jazo da Ander Deuna kaleko obra batzuetan; nonbait, gas hodi bat apurtu da eta horrek eragin du ihesa. Badaezpadako neurri gisa, bizilagunak etxean gordeta izan dira 40 bat minutuz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gas ihesa izan da gaur goizean Bermeon (Bizkaia), baina handia izanagatik, ez du aparteko ondoriorik utzi, eta "susto batean geratu da", Udalak jakinarazi duenez.
Gertakaria 09:50ean jazo da, Ander Deuna kaleko obra batzuetan. Antza, makina batek hodi bat apurtu du, eta horrek eragin du ihesa.
Abisua jaso eta berehala bertaratu dira suhiltzaileak eta Naturgaseko teknikariak ere han dira, egoera aztertzen. Kalea guztiz itxi dute eta bizilagunei ateak eta leihoak zarratzeko eskatu diete, bozgorailu bidez. Dena ondo zegoela egiaztatu arte, etxeetan gordeta egon behar izan dira herritarrak, 40 bat minutuz.
10:30erako kontrolatuta zuten ihesa.
Gertakariaren lehen balorazioa egin du Xabier Ortuzar Bermeoko alkateordeak ETB1eko Egun On saioan. "Badirudi susto batean geratuko dela", adierazi du, lasaituta. Nolanahi ere, segurtasuna bermatze aldera, kaleko etxebizitzetan sartu dira, "banan-banan", eta pilatutako gasa detektagailuekin neurtu dute, beharrezko prebentzio neurriak hartzeko.
Gas isuri bat egon da Ander Deuna kalean, baina egoera kontrolpean dago, eta isuria zarratuta. Inguruko etxebizitzetakoei leihoak zarratzeko eskaera egiten zaie.
— Bermeoko Udala (@BermeokoUdala) September 25, 2024
Lanean ari dira ahalik eta arinen arazoa konpontzeko#bermeo #gasisuria #lanean pic.twitter.com/6rs6MyhTze