ZIGORRA
Baldintzapeko askatasunean da Paco Larrañaga, Filipinetan heriotz zigorra ezarritako euskal jatorriko presoa
Agentziak | EITB Media
2016tik hirugarren graduan zegoen. Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzapeko askatasuna onartu du, jokabide onagatik.
Auzitegi Nazionalak (AN) baldintzapeko askatasuna eman dio Paco Larrañagari, Filipinetan bi emakume bahitu, bortxatu eta hiltzeagatik heriotza zigorra ezarri zioten euskal jatorriko presoari. 2009an eraman zuten Estatura Larrañaga, Filipinek heriotza zigorra indargabetu eta Espainiarekin presoak lekualdatzeko hitzarmen bat sinatu ostean.
Marijoy eta Jacqueline Chiang ahizpak 1997an bahitu, bortxatu eta erail zituzten Filipinetako Cebu hirian. Paco Larrañaga beste bost gazterekin batera epaitu zuten krimen horiekin lotuta. Hasiera batean, biziarteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina 2004an heriotza zigorra jarri zion Filipinetako Auzitegi Nagusiak.
Manuel Larrañaga pilotari ohiaren semeak hilketak gertatu zirenean bera Manilan zegoela, ez Cebun, adierazi zuen. Horrez gainera, bere buruaren defentsan lekukotasunik ematen ez ziotela utzi ere salatu zuen.
Heriotza zigorra 2006an indargabetu zuten Filipinetan. Handik urte batera herrialde horrek eta Espainiak presoak lekualdatzeko hitzarmena sinatu zuten. Horren ondorioz, Manilako kartzela utzi eta Estatura eraman zuten Larrañaga 2009an. Une horretan zigorra aldatu zion Auzitegi Nazionalak 40 urteko espetxealdia ezarri, Espainian biziarteko kartzela zigorrik ez dagoelako. Larrañagak dagoeneko bete du bere zigorraren erdia baino gehiago.
Azken urteetan Donostiako Martuteneko espetxean bete du zigorra Larrañagak. 2034ko irailaren 28an lortuko du askatasuna, baina 2016tik hirugarren graduan egon da. Epaitegiko Espetxe Zaintzarako epaile Jose Luis Castrok Fiskaltzarekin batera adostu du baldintzapeko askatasuna, jokabide onagatik eta gizarteratzeko ikusten dizkion aukerengatik.