Gertakaria
Tren bat errailetik irten da Kantabrian, Bizkaiko mugan; ez da inor zauritu
EITB Media
Ezbeharra 10:00ak inguru jazo da, trena arroka batzuen kontra egin eta bidetik atera da. Karrantza SOS, Ertzaintza eta suhiltzaileak bertaratu dira trenean zihoazen 12 bidaiariak ateratzeko.
Santander-Bilbao ibilbidea egiten ari zen distantzia ertaineko tren bat errailetik atera da gaur Gibajan (Kantabria), Karrantzatik (Bizkaia) gertu, bidean topatu duen oztopo baten kontra talka eginda, Adifek ohar bidez jakinarazi duenez. Zorionez, ez da inor zauritu.
Ezbeharra 09:50ean jazo da Gibaja eta Karrantza geltokien artean. Trenean zihoazen 12 bidaiariak onik atera dituzte, eta Bizkaiko geltokira eraman.
Gertakariaren ondorioz, tren zirkulazioa etenda dago tarte horretan. Dena dela, bi geltoki horien artean errepide bidezko zerbitzua jarri du Renfek.
Renfe eta Adifeko langileak trenbidean daude, arazoa konpontzeko.