Itxi

Etxebizitza

18 eta 34 urte bitarteko hiru gaztetik bat dago emantzipatuta Euskadin

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Atzerriko gazteen artean daude emantzipazio tasa altuenak (% 57), eta emakumeak lehenago irteten dira gurasoen etxetik (% 34,4). Miren Saratxaga Eusko Jaurlaritzaren Gazteriako zuzendariak esan du 30 urte arteko gazteengan jarri behar dela arreta.

Bi gazte eserleku batean. Argazkia: Pixabay

Euskal Autonomia Erkidegoko 30 eta 34 urte bitarteko hamar gaztetik zazpi emantzipatuta daude. Hain zuzen ere, batez beste 29,8 urterekin emantzipatzen dira gazteak EAEn. Horixe ondorioztatu du Gazteen Euskal Behatokiak egindako "Gazteak, emantzipazioa eta etxebizitza premia Euskadin" azterlanak. 18 eta 34 urte bitarteko pertsonak galdekatu dituzte horretarako.

Testuinguruak, gainera, ez die gazteei gurasoen etxetik irteten laguntzen: alokairuen prezioek gora egin dute, eta hipotekek ere bai (interes tasen igoeragatik). Hori guztia kontuan hartuta, hiru gaztetik bakarra zegoen emantzipatuta Euskadin 2023an.

Jaurlaritzako Gazteriako zuzendari Miren Saratxagak argitu du Emantzipa eta Gaztelagun laguntzak ezarri aurretik jaso zituztela datuok, eta, beraz, "ez dute programa horien eragina kontuan hartzen". Gainera, txosten horretan bildu dituzten datu esanguratsu batzuk nabarmendu ditu, tartean, 30 urtera arteko gazteek dutela etxetik joateko arazo gehien, eta horregatik jarri duela Jaurlaritzak hor arreta handiena.

"Argazki horretan ikus daiteke 30 urtetik aurrera hasten direla gazteak emantzipatzen, eta gehienek modu tradizionalean egiten dutela; alegia, bizi diren etxebizitzaren jabe izan nahi dute, eta bikotekidearekin emantzipatzen dira", esan du. Sexua eta jatorria aintzat hartuta ere bada alderik. Atzerritik iritsitako gazteen artean, emantzipazio tasa altuagoa da (% 57,3), eta emakumeak lehenago irteten dira gurasoen etxetik (emakumeen % 34 eta gizonen % 26 daude emantzipatuta).

Horren harira, Saratxagak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, azaldu du atzerritar askok ez dutela familia egonkorraren babesik, eta, horregatik, askotan, "emantzipatzeko bideak aurkitzera behartuta" daudela.

Bestalde, etxetik atera nahi duten hamar gaztetik seik euren herrian bizi nahi dutela adierazi du.

Etxebizitza gehiago jabetzan, alokairuan baino

Etxebizitza alokatuta dutenen artean, gehiago dira gazteak helduak baino, baina 35 urtetik beherakoek ere, aukeran, jabetzaren alde egiten dute. Hain zuzen ere, emantzipatuta dauden gazteen % 52,4k egin dute aukera horren alde, eta % 44,5 daude alokairuan.

Inkestan, hamar gaztetik bederatzik erantzun dute ez dutela etxebizitza erosteko nahikoa diru, eta horregatik daudela alokairuan, "nahiz eta aldi baterako soilik izan". % 6,7, ordea, pozik daude egindako hautuarekin.

Nabarmentzeko moduko beste datu bat ere badago. Gazteen % 12,1 soilik bizi dira babes ofizialeko etxebizitza batean, lurralde batetik bestera dauden aldeak gorabehera. Bestalde, etxetik irteteko gogoz dauden gazteen % 53,5ek ezagutzen dute Etxebide, baina soilik % 36k eman dute izena etxebizitza zerbitzu publiko horretan.

Dena den, kontraesankorra bada ere, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emate aldera, babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraikitzea eta alokairu erregimena indartzea da konponbidea, gazteen ustez.