Sutea
Sei zauritu, horietako bat larri, Gasteizko etxebizitza batean piztutako sutean
EITB MEDIA
Antonio Machado kaleko etxebizitza-eraikin bateko seigarren solairuan hasi da sutea, 13:00ak aldera. Goiko solairuetako hainbat auzokide etxetik atera behar izan dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Sei pertsona zauritu dira gaur Gasteizko Antonio Machado kalean, Sansomendi auzoan, izandako sutean; horietako bat, larri.
Sutea zortzi solairuko eraikin bateko seigarren solairuan hasi da, 13:00ak aldera.
Sei lagun eraman behar izan dituzte erietxera. Su hartu duen etxebizitzaren jabea Txagorritxura eraman dute, aurpegian erredura larriak baitzituen. Hiru ertzain, suhiltzaile bat eta beste pisu bateko bizilagun bat kea arnasteagatik artatu behar izan dituzte.
Suhiltzaileak ordu eta erdiz aritu dira garrak itzaltzen, eta, sua itzali bitartean, goiko solairuetako bizilagunak ebakuatu behar izan dituzte.
Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, bi suhiltzaile bertan artatu behar izan dituzte, bero-kolpeak izan baitituzte.
Sua kontrolatzeko lanak zailak izan dira, eta suhiltzaileek kamioi eskala bat sartu behar izan dute sutan zegoen eraikin horren ondoko ikastetxera, garrak bertatik itzaltzeko.
14:10 jota zirenean, suhiltzaileek sugarrak kontrolpean hartu dituzte, baina lanean jarraitu dute.
Goiko solairuetako bizilagunak etxean konfinatu dituzte, kerik ez arnasteko, eta zazpi pertsona atera behar izan dituzte etxetik.