Itxi

Tiroketa Barakaldon

Ertzaintzak zazpi pertsona atxilotu ditu, Barakaldoko tiroketarekin zerikusia dutelakoan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Atxilotuen etxebizitzak ere miatu dituzte. Gainera, zortzigarren pertsona bat atxilotu dute agintaritzari desobeditzeagatik, baina ondoren askatu dute. Tentsioa handia da Burtzeña auzoan, hildako bat eta bi zauritu eragin zituen tiroketaren ondoren.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ertzaintzak zazpi pertsona —30 eta 58 urte bitarteko bost gizon eta bi emakume— atxilotu ditu Barakaldoko tiroketan nahastuta daudelakoan, Segurtasun Saileko iturriek EITB Mediari jakinarazi diotenez.

Arratsaldean zehar, gainera, atxilotuen etxebizitzak miatu dituzte, haietako batzuk bertan zirela. Guztiak Burtzeñako auzotarrak ziren, tiroketa izan azokoak, eta Poliziak agente ugari bidali ditu bertara, giroa bare mantentzeko ahaleginean.

Halaber, zortzigarren pertsona bat ere (gizonezkoa) hartu dute atxilo Gurutzetako Ospitalean, agintaritzari desobeditzea egotzita. Izapideak amaitu ondoren, ordea, aske utzi dute.

Liskarra atzo jazo zen, Burtzeña auzoko Zubileta kalean, 16:20ak inguruan, eta pertsona bat hil eta bi zauritu ziren suzko armekin izandako borrokan. Atxiloketak ere atzo egin zituen Ertzaintzak, nahiz eta Segurtasun Sailak gaur jakinarazi dituen.

Poliziak dispositibo zabala du ezarria gertakarien lekuan, eta igande arratsaldean bezala, astelehenean ere tentsio uneak izan dira. Eguerdi aldera, hildako gizonaren senitartekoak kotxez heldu dira, eta, une batean, agenteek egindako hesia apurtu dute eta ustezko egileen kontrako oihu eta mehatxuak egin dituzte. 

Tiroketa izan zen auzoaz gain, Gurutzetako Ospitalea ere zaintzapean du Ertzaintzak, han jarraitzen dute-eta tiroketan zauritutako bi pertsonak —tartean adingabe bat dago—. 

Ertzaintza probak biltzen. Argazkia: EFE

Albisteak (1)

Bideoak (2)