ETXEBIZITZA
Errenteria, etxebizitza eremu tentsionatu izendatu duten EAEko lehen udalerria
EITB Media
Orain, Errenteriak bidea irekiko die eremu tentsionatu gisa identifikatzeko baldintzak betetzen dituzten udalerriei. Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuaren eta Errenteriako alkatearen arabera, etxebizitzaren arazoari ikuspegi integral batetik eta erakundeen arteko lankidetzatik erantzun behar zaio.
Errenteriak bizitegi-merkatuko eremu tentsionatu izendapena jaso du eta EAEn erremu tentsionatu izendapena jaso duen lehendabiziko udalerria da. "Mugarri" bat izango da, eta bidea irekiko die eremu tentsionatu gisa identifikatzeko baldintzak betetzen dituzten udalerriei.
Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak gaur goizean eskaini duten prentsaurrekoan egikaritu da deklarazioa. Biak ala biek uste dute etxebizitzaren arazoari ikuspegi integral batetik eta erakundeen arteko lankidetzatik erantzun behar zaiola.
Itxaso pozik mintzatu da gaur emandako pausoarekin, eta izendapena etiketa bat baino zerbait gehiago dela nabarmendu du. Azaldu duenez, udalerriari aitortzen zaio etxebizitza krisi betean dagoela, hots, eskaria eskaintza baino askoz handiagoa dela.
Otaegik, bere aldetik, azpimarra jarri nahi izan du izendapenak udalerriari eskainiko dizkion tresnetan, baina etxebizitzaren arazoari ikuspegi integral batetik erantzun behar zaiola gaineratu du. Ildo horretan, eremu tentsionatu izendatzeko bidea hartzera gonbidatu ditu Donostialdeko beste udalerriak, etxebizitzaren arazoak mugarik ez duelako eta gehiago badira eragin handiagoa izango duelako.
Errenteriako Udalak otsailean egin zion eskaria Eusko Jaurlaritzari, eta geroztik bi administrazioek dokumentazioa lantzen jardun dute hura egikaritzeko. Nolanahi ere, datorren urteko urtarrilera arte ez da sartuko indarrean neurria, orduan emango baitio, aurreikuspenen arabera, baiezkoa Espainiako Gobernuak.
Errenteriaren diagnostikoak jasotzen duenez, alokairuko etxebizitzarik "ia ez dago" herrian, eta hilean 950 eurotik gorako eskaintzak egiten dira. Erregistratutako salerosketen batez besteko prezioa 200.000 eurotik gorakoa da, eta metro koadroaren batez besteko prezioa 3.000 eurotik gorakoa izan zen 2023ko lehen hiruhilekoan.
Horrez gainera, dokumentuak adierazten du udalerriko biztanleen batez besteko errenta "Donostialdekoa eta Gipuzkoakoa baino askoz ere txikiagoa" dela, eta etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa izena emanda dauden familien % 75 alokairu-erregimenean daudela erregistratuta. Horien artean, gainera, "zati handi batek" diru-sarrera maila txikiak ditu eta alokairuko etxebizitza bat eskatzen du.
Memoriak dio errenta eta etxeko oinarrizko gastuak ordaintzeko ahalegin ekonomikoa % 33koa dela herrian (Etxebizitzari buruzko Estatuko Legean eremu tentsionatu izendatzeko irizpide gisa ezarritako % 30aren gainetik).
Zer esan nahi du?
Udalerri bat etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeak esan nahi du kontratua amaitzen zaien errentariek gehienez urtebeteko hiru luzapen egin ahal izango dituztela, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan. Errentari berrientzat, alokairuaren prezioa aurretik etxebizitza alokatu zutenen errentara mugatzen da, urteroko eguneratze-klausula batekin. Aurreko bost urteetan etxebizitza hutsik egon bada, prezioak etorkizuneko erreferentzia-prezioen indizeei erreparatu beharko die; sistema hori Euskadirako Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak ezarri beharko du, eta edukitzaile handiek (eremu tentsionatuan hamar etxe edo gehiagoren jabeek) ere hori bete beharko dute.
Neurri horiekin batera, udalerriak ekintza-plana jarri beharko du abian. Administrazioen arteko edo administrazioaren eta sektore pribatuaren arteko lankidetzaren bidez eta hutsik dauden etxeak mobilizatuz, laguntza espezifikoak ezarri beharko ditu, edo alokairu- eta salmenta-prezioak murrizteko finantzaketa-neurriak ere ezarri ahalko ditu.
Beste udalerriak
Euskal Etxebizitzako Behatokiak egindako diagnostikoaren arabera, eremu tentsionatu gisa identifika daitezkeen 43 udalerri daude EAEn, Etxebizitza Eskubidearen aldeko Estatuko Legeak ezarritako baldintzak betetzen dituztelako.
Denis Itxasok gaurko agerraldian azaldu duenez, Etxebizitza Saila lanean ari da Zumaia, Galdakao eta Lasarte-Oria ere etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeko. Halaber, iragarri du hilabete amaierarako espero dituztela Donostiako eta Irungo Udalen eskaerak.