GERTAKARIA
Lau dira Gernikako pub batean, barruan langileak zeudela, sutea pizteagatik atxilotutakoak
EITB MEDIA
Gertaera igande goizaldean izan zen, Bizkaiko udalerriko Gabaz pubean, lokala itxita zegoenean. Antza denez, bi pertsona horiek aurrez lokaletik kaleratuak izan ziren, bezero bat buruan kristalezko edalontzi batekin kolpatzeagatik.
Ertzaintzak 25 eta 42 urte bitarteko lau gizonezko atxilotu ditu Gernika-Lumon (Bizkaia), irailaren 28an bertako pub bateko atean eta kanpoko fatxadan nahita piztutako sutearekin lotuta. Momentu horretan lokalaren barruan zegoen langile bat tokian bertan artatu behar izan zuten eta gero osasun zentro batera eraman zuten kea arnasteagatik.
Ertzaintza nahita piztutakoa gisa ikertzen ari den sutea joan den larunbateko 07:15ean hasi zen, Gernika-Lumoko Gabaz tabernan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Polizia patruilak eta suhiltzaileak iritsi zirenerako, sua itzalita zuten su itzalgailuekin. Sarrerako ateak kalteak zituen eta fatxadaren zati bat keak belztuta zegoen. Establezimenduko langileetako batek kea arnastu zuen, eta artatu eta Galdakaoko ospitalera eraman zuten anbulantzian.
Hasierako ikerketen arabera, sutean parte hartu zutenek liskarra izan zuten lokalean ordu batzuk lehenago. Establezimendutik alde egin behar izan zuten eta galarazi egin zieten berriz sartzea. Geroago, pubeko ateak itxita zeudenean, ustez gasolina erabili zuten sua pizteko, eta ibilgailu batean ihes egin zuten.
Ertzaintzak gertatutakoa argitzeko eta inplikatuak identifikatzeko egindako ikerketaren ondorioz, asteazkenean bi gizon atxilotu zituzten, eta ostegun honetan beste bi. Lau atxilotuak Gernika-Lumoko guardiako epaitegira eraman dituzte, zegokion atestatuko eginbideak amaitu ondoren.