Itxi

Osakidetza

Astelehenean abiatuko da gripearen eta covidaren aurkako txertaketa-kanpaina

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Arriskuko eta 60 urtetik gorako herritarrek gaurtik aurrera eska dezakete hitzordua. Gainerako herritarrek azaroaren 4tik aurrera eskatu ahal izango dute. Haurrei, 20 hilabetetik aurrera, txertoa sudurretik emango zaie, injekzioaren ziztada saihesteko.

Gripearen eta covidaren aurkako txertaketa-kanpainaren aurkezpena. Argazkia: EFE

Gripearen eta covidaren aurkako txertaketa-kanpaina datorren astelehenean, urriaren 7an, hasiko da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta arriskuko eta 60 urtetik gorako herritarrei zuzenduko zaio. Gaurtik aurrera eska dezakete hitzordua, Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta.

Gainerako herritarrek azaroaren 4tik aurrera eskatu ahal izango dute hitzordua, Enrique Peiro Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak prentsaurrekoan azaldu duenez.

Peirok, Osasun Saileko beste ordezkari batzuekin batera, aurtengo kanpainaren xehetasunak jakitera eman ditu. "Gripearekin eta covidarekin ez jolastu. Jarri txertoa" leloa izango du txertaketa-kanpainak.

Arriskuko biztanleriaren artean, 60 urtetik gorakoak aipatu ditu: patologia kronikoak dituzten pertsonak, haurdun dauden emakumeak, osasun-profesionalak eta adineko egoitzetako erabiltzaileak.

Bigarren urtez jarraian, 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrak sartuko dira kanpainan; izan ere, txertaketa-egutegian barneratu da bronkiolitisaren aurkako babes-neurri gisa, arnas aparatuko beste gaixotasun batzuen artean.

Umeei, 20 hilabetetik aurrera, txertoa sudurretik emango zaie, injekzioaren ziztada saihesteko, eta gainerako herritarrei muskulu barruko ohiko txertoarekin emango zaie botika.

Osasun Sailak gripearen aurkako 755.000 txerto baino gehiago eskuratu ditu aurtengo kanpainarako, eta aurreikuspena da kopurua 900.000 baino gehiagoraino areagotzea.

Iaz, gaixo kronikoen % 70ek, haurdun daudenen % 53k, 65 urtetik gorakoen % 64k, 60 urtetik gorakoen % 58k eta osasun-langileen % 38k hartu zuten txertoa. Haurren kasuan, % 16ra baino ez zen iritsi, txertaketaren lehen urtea baitzen. Kanpaina honetan umeen % 35era heltzea espero dute.