Itxi

Bizkaia

Barakaldok kamerak jarri ditu Zubiletan eta Cadaguan, asteburuan Burtzeñan izandako liskar larrien ondoren

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Udalak azaldu duenez, matrikula-irakurgailuak dituzten bideozaintza-sistemak dira, eta istilu berriak "prebenitzea" eta auzokoen segurtasuna hobetzea dute helburu.

Barakaldo (Bizkaia). Argazkia: EFE

Barakaldoko Udalak bideozaintzako kamerak jarri ditu Zubileta eta Cadagua inguruan, iragan igandean izandako liskar larrien ondorioz. Izan ere, pertsona bat hil eta beste bi zauritu zituzten Burtzeña auzoan.

Angel Madrazo Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibileko zinegotziak azaldu duenez, "goi-teknologiako sistemak" dira. Denbora errealean grabatzeko eta emititzeko prestatuta daude, eta azken egunotan egiten ari diren polizia-lana osatuko dute, Udalaren arabera.

Madrazok adierazi duenez, bi bideozaintza-sistema dira, eta ikuseremu zabala dute. Era berean, matrikula-irakurgailuak dituzte. Hala, ingurunearen kontrola areagotzen da, eta haien funtzioa da istilu berriak "prebenitzea" eta herritarren segurtasuna hobetzea.

Zinegotziak nabarmendu duenez, "auzo horietan batzuetan liskarrak izan dira", eta, azken egunetako "gertakari larriak ikusita", "zaintza-sistema horiek premiaz jartzea eta tokian instalazioa behin betiko mantentzeko izapideak abiatzea" erabaki dute.

Zubileta kalean bi kamera-ekipo egongo dira, pabiloi industrial baten fatxadan, ibilgailuen sarbide nagusiaren ondoan; Cadaguan, berriz, Peñaskuren kaleko bi kale-argitan jarri dira, Gurutzetatik auzora sartzeko sarri erabiltzen den kalean.

Era berean, Udaltzaingoaren komisariako transmisio-gelatik kamerak zuzenean ikusteko behar diren osagai guztiak martxan jarriko dira, nahiz eta grabazio-sistema propioa ere izan.