Reala-Anderlecht
Anderlecht taldeko bost ultra atxilotu dituzte Reale Arenan txikizioak egin eta aulkiak jaurti ondoren
EITB Media
Partidaren lehen zatian, Anderlechteko ultrek metakrilatozko pantailetako bat hautsi dute eta objektuak jaurti dituzte beheko harmailetara, gehienbat bertan hautsi dituzten aulkiak. Epaileak minutu batzuetan etenda izan du partida.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Reale Arena estadioaren barruan, Europa Ligako partidaren lehen zatian, Anderlechteko ultrek hesi bat hautsi dute eta objektuak jaurti dituzte beheko harmailetara. Norgehiagokako epaileak minutu batzuetan izan du etenda partida. Istiluetan ez da inor zauritu, baina Belgikako taldearen bost jarraitzaile atxilotu dituzte.
Liskarrak partidaren 30. minutuan hasi dira. Anderlechten jarraitzaile erradikalek (300 inguru) metakrilatozko pantailetako bat apurtu dute objektuak jaurtitzeko, gehienak bertan hautsi dituzten aulkiak.
Beheko harmailetan zeuden zale txuri-urdinek euren eserlekuak utzi behar izan dute. Estadioan bildutako gainerako zaleek txistu egin diete ultrei tentsio handiko minutu horietan, eta azkenean Ertzaintzak esku hartu behar izan du.
Belgikako taldeko bi jokalari euren jarraitzaileak zeuden tokira joan dira lasaitasuna eskatzeko, eta partida berriro hasi da 35. minutuan.
Ordu batzuk lehenago, Anderlecht futbol taldeko zaleak Reale Arenara joan dira, ertzainak bizkartzain zituztela. Belgikako taldearen jarraitzaileak hiriaren erdigunetik futbol-zelaira joan dira, Amara auzora, Ertzaintzako agente ugariren zaintzapean. Estadiorako bidean, bengalak piztu dituzte, eta oihuak eta kantak entzun dira.
Gainera, Loiola kalean eta Bilbo plazan, tentsio uneak bizi izan dira, eta denda batzuek pertsianak jaitsi dituzte belgikar zaleak aurretik pasatu direnean.
Donostiako Udalak segurtasun neurri bereziak hartu ditu Realaren eta Anderlechten arteko partidarako, eta, besteak beste, zirkulazioa erabat eten du futbol-zelaiaren inguruetan. Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak "arrisku handikotzat" jo zuten partida. Donostiara Belgikako taldearen mila zale ziren iristekoak, aurreikuspenen arabera.