Itxi

Reala-Anderlecht

Reale Arenako istiluengatik atxilotutako Anderlechteko bost ultretako bi aske geratu dira

EITB Media

Leer en Castellano

Gainerako hirurek Ertzain-etxean jarraitzen dute, epailearen aurrera noiz eramango zain. Agintaritzaren kontrako atentatua egitea eta desordena publikoak eragitea leporatu diete. Belgikako taldearen jarraitzaileek segurtasun hesia apurtu zuten, eta objektuak jaurti zizkieten Realeko zaleei.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Reale Arena estadioan, Reala-Anderlecht partidan, atzo arratsaldean izandako istiluekin lotura zutelakoan, Belgikako taldearen bost zale ultra atxilotu zituen Ertzaintzak. Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez, horietako bi aske geratu dira, eta hiru epailearen aurrera eramateko zain daude. 

Istiluak Europa Ligako partidaren lehen zatian jazo ziren. Anderlechteko ultrek segurtasun hesietako bat hautsi zuten eta objektuak (aulkiak eta metakrilato zatiak, besteak beste) jaurti zituzten beheko harmailetara (familien harmaila). Zorionez, ez zen inor zauritu, baina Realeko hainbat zale, adingabeak tartean, beste leku batera eraman behar izan zituzten, badaezpada. 

Estadioan bildutako gainerako zaleek belgikarrei txistu egin zieten tentsio minutu horietan, eta epaileak partida eten zuen, hainbat minutuz. Azkenean, Ertzaintzak esku hartu zuen, eta bost zale ultra atxilotu zituen.

Belgikako taldeko bi jokalari euren jarraitzaileak zeuden tokira joan ziren lasaitasuna eskatzeko, eta partida berriro hasi zen 35. minutuan.

Ordu batzuk lehenago, Anderlecht futbol taldeko zaleak Reale Arenarantz zihoazela ere tentsio uneak izan ziren. Jarraitzaileek ertzainak bizkartzain zituztela joan ziren hiriaren erdigunetik futbol-zelaiaren inguruetara, Amara auzora. Estadiorako bidean, bengalak piztu zituzten, eta oihuak eta kantak entzun ziren.

Gainera, Loiola kalean eta Bilbo plazan tentsio uneak izan ziren, eta denda batzuek pertsianak jaistea erabaki zuten belgikar zaleak aurretik pasatu zirenean.

Donostiako Udalak segurtasun neurri bereziak hartu zituen Realaren eta Anderlechten arteko partidarako, besteak beste, futbol-zelaiaren inguruan zirkulazioa erabat etenda. Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak "arrisku handikotzat" jo zuten partida. Aurreikuspenen arabera, Belgikako taldearen 1.000 zale inguru bildu ziren Gipuzkoako hiriburuan.

Bideoak (1)