Itxi

Eguraldia

Hego haizeak epeldu eta nahasiko du astea

EITB Media

Leer en Castellano

Tenperatura epelak izango dira, oro har, baina lainoak nagusituko dira, eta zaparradak izango ditugu. Haizeak gogor joko du une batzuetan.

Sunbilla. Argazkia: Josetxo Apeztegia

Hego haizeak egin ohi duen legez, eguraldi epela ekarriko du datozen egunotan, baina baita nahastea ere. Hala, tenperatura atseginak ez ezik, haize ufada gogorrak egongo dira zenbait unetan, lainotza trinkoak sortuko dira, eta zaparrak espero dira.

Giro ezegonkorra, astelehenean. Zaparradak botako ditu, eta zenbait lekutan mardulak izango dira, eta ekaitzak ere jo dezake. Haizeak hego-mendebaldetik joko du, ufada gogorrekin haizeguneetan, bereziki mendebaldean, eta frontearekin baliteke kostaldean mendebaldera egitea. Tenperatura maximoak jaitsi egingo badira ere, epeletan geldituko dira, batez ere ipar partean.

Asteartean, hego haizea indartu egingo da. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta arratsaldetik aurrera nabarmen zakartuko da, eta eguna amaitzerako gogor joko du, bereziki mendebaldean. Goizean, hodeitza zulatuta egongo da, eta ostarteak nagusituko dira momentu askotan. Arratsaldetik aurrera, hodeitza trinkotu egingo da, eta baliteke han-hemenka zaparrada batzuk botatzea. Tenperatura maximoak asteleheneko maila berdintsuan edo graduren bat gorago geldituko dira.

Asteazkenean, haizeak hego-mendebaldetik jotzen jarraituko du, eta tenperaturak are gehiago igoko dira. Hala ere, ostegunean, beherakada nabarmena ekarriko du mendebaldeko haizeak, euriarekin batera.

Astebururako, berriz, tenperatura igoera eta giro egonkorragoa espero da, hego haizearen eskutik.

Konstultatu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.