Itxi

Eguraldia

Kirk borraskaren haize-bolada bortitzek alertapean jarri dute Euskal Herria

EITB Media

Leer en Castellano

Haize-bolada gogorrenak mendebaldean ari dira izaten. Bizkaia alerta laranjan dago goizeko 06:00etatik eta Gipuzkoan eta Araban 12:00etan jarriko da indarrean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kirk borraskak haize ufada bortitzak ekarri ditu Euskal Herriko txoko askotara. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du lurralde osoan, asteazken honetan, gaueko 21:00ak arte. Eguneko zatirik handienean, ordea, alerta laranjan egongo da lurralde osoa.

Bizkaia goizeko 06:00etan sartu da alerta laranjan eta hala egongo da arratsaldeko 18:00ak arte. Haizeguneetan 120 kilometro orduko abiadura duten haize boladak izaten ari dira, batik bat, mendebaldeko mendietan. Arratsalde hasieran, gainera, bizitu egingo da haizearen abiadura eta 130 km/h-ko hartzera ere iritsi daitezke ufadak. Haizeguneak ez diren tokietan ere haize zakarra dabil; 100 km/h-ko abiadura izango du goizean eta 110 km/h-koa arratsaldeko lehen orduetan.

Gipuzkoan ere haize zakarra dabil, baina ufada bortitzenak gero iritsiko dira eta alerta laranja 12:00etatik 18:00etara egongo da ezarrita. Haizeak 120 km/h-ko abiadura hartu ahal izango du haizeguneetan, batik bat, mendebaldean. Haizeguneak ez diren lekuetan 100 km/h-ko boladak izango direla espero da.

Araban ere eguerdian ezarri dute alerta laranja. Antza denez, lautadan izango dira haize-bolada zakarrenak, 100 km ordukoak.

Haizeagatik ezarritako alerta eta abisu horiekin batera, nabigaziorako abisu horia ere ezarri du Segurtasun Sailak, lehenengo 2 milietan, gaur goizeko 09:0etatik 21:00ak arte. Arratsaldean, 3,5 metroko olatuak izan daitezke.

Haizea izango da asteazken honetako protagonista nagusia. Hego eta hego-mendebaldetik joko du egunean zehar eta tenperatura epelak utziko dizkigu. Iluntzean, ordea, mendebaldera egingo du, baretzen joango da eta euria etorriko da. Fronte sistema batek lurraldea zeharkatuko du, eta zenbait lekutan zaparrada mardulak utzi.

Kirk izeneko borraska gure lurrak zeharkatzen ari delako dugu haize bizia. Joan zen astean sortu zen Atlantikoan eta urakana bilakatu arteko indarra hartu zuen. Guregana indarra galduta iritsiko da, baina begia edo erdigunea oso gertu igaroko da.

Prebentzio neurriak

Aro honek sor ditzakeen arazoen aurrean, hainbat neurri hartu dituzte erakundeek.

Donostiako Udalak parkeak ixtea erabaki du asteazkenean eta ostegunean, prebentzio neurri gisa. Cristina Enea, Serafin Baroja eta Memoriaren parkeetara ezin izango da sartu. Aieteko parkearen kasuan, Kultur Etxera bakarrik sartu ahal izango da. Urgullerako bidea Orixe Ikastolara arte egongo da zabalik eta Miramar Jauregiko parkea itxita egongo da, Loretopearen eta Mirakontxaren arteko ibilbidea izan ezik.

Bestalde, Bilboko Udalak kontu handiz ibiltzeko eta zenbait neurri hartzeko gomendatu du; hala nola ateak eta leihoak ixtea, toldoak jasotzea, loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak kentzea, eta aldamioak, garabiak eta obretako beste elementuak ziurtatzea.

Gainera, erlaitz, horma, zuhaitz edota publizitate-hesietatik urruntzea eta eraikitzen ari diren edo eskas dauden eraikinen azpitik kontu handiz pasatzea aholkatu du.

Bideoak (1)