Itxi

EGURALDIA

Kirk ekaitzak milaka etxebizitza argindarrik gabe laga, zuhaitzak bota eta 190 km/h-ko ufadak utzi ditu

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Dozenaka trafiko istripu izan dira haizearekin lotuta. Gainera, milaka etxe argirik gabe geratu dira Zuberoan, Bizkaian eta Araban. Aurreneurri gisa, parkeak itxi dituzte eta eskola-kirola bertan behera utzi dute. Boladarik biziena Urduñan izan da, orduko 190 km-koa.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kirk borraskak eragindako haize ufadei aurre egiteko, alerta laranja ezarrita du, 06:00etatik 18:00etara, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Orduko 130 kilometrorainoko haize ufadak izan dira jada, bereziki, haizeguneetan. Oraingoz, gertakari ugari bai, baina ez da inor zauritu haizeteen ondorioz.

Zenbatespen horiek zenbait puntutan gainditu dira. Urduñan (Bizkaia) dagoen estazio meteorologikoak orain arteko haize-boladarik bortitzena erregistratu du, orduko 190 kilometroko abiadurarekin, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren datuen arabera.

Hain zuzen ere, mendiko guneak izan dira meteorologia txarreko gertakari horrek gehien kaltetu dituenak.

Horrela, orduko 120 km-ko abiadura gainditu dute Euskal Herriko hainbat puntutan: Untzuetan (128 km/h), Beluntzan eta Matxitxakon (124 km/h), La Cerrojan (123 km/h), Galea lurmuturrean eta Garbean (121 km/h) eta Oizen (120 km/h).

Alerta laranja eguerditik 18:00ak arte egongo da indarrean, eta abisu horia 21:00etara arte Gipuzkoako eta Arabako Lautadako haizeguneetan, orduko 120 km-tik gorako haizeagatik.

15:00ak pasatxoan, ordura arte hegoaldera jo duen haizeak mendebaldera egin du, Galeatik hasita, eta fronteak euria eta tenperaturak jaistea ekarri ditu.

778 gertakari EAEn

Atzo (asteartea) 21:00etatik gaur 16:00ak bitartean, larrialdi zerbitzuek 778 gorabehera erregistratu zituzten, horietatik 487 Bizkaian, 177 Gipuzkoan eta 114 Araban.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, ezbehar horietako gehienak adarrak, zuhaitzak edo hiri-altzarien zatiak (edukiontziak edo objektuak galtzadan) erortzearekin lotuta daude.

Kalte handienak Bizkaian izan dira, 487 intzidentzia izan baitira, gehienak Bilbon, Galdakaon, Barakaldon eta Erandion. 177 Gipuzkoari dagozkio, lurraldeko hainbat udalerritan banatuta, baina, batez ere, Donostian. Araban 114 gertakari izan dira, horietatik gehienak (74) Gasteizen, eta gainerakoak Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio, Okondo Urkabustaiz, Gaubea eta Zuian.

Guztira, 24 trafiko-istripu izan dira haizearekin lotuta.

Milaka etxebizitza argindarrik gabe

Haizeak argindarrik gabe utzi ditu hainbat etxebizitza Zuberoan, Bizkaian eta Araban. Pirinio Atlantikoetako prefetak esan duenez, Maulen 7.500 etxebizitza geratu dira argirik gabe.

Bestalde, Bizkaian 1.700 erabiltzaileri eragin dio etenaldiak Karrantzan, Iberdrolak adierazi duenez. 13:00etik daude argirik gabe. Artziniegan (Araba) arazoak izan dira argiarekin, eta oraindik ehunka etxek elektrizitaterik gabe jarraitzen badute ere, sarea bere onera itzultzen hasi da.

Haizeak eta adarrak bideetan

Errepideei dagokienez, Ertzaintzak jakitera eman duenez, N-634 errepidea itxita dago Usurbilen, zuhaitzak galtzadara erori direlako.

Gainera, zuhaitz bat erori da AP-8an, Elgoibarren, Irunerako noranzkoan, eta errei bat ixtea eta 2 kilometroko auto-ilarak eragin ditu, momentu batez. Trafikoa bere onera itzuli da.

Bestalde, Ermua eta Unibertsitatea arteko Euskotreneko zerbitzua etenda dago, zuhaitz bat erori delako.

Nafarroan, Foru Gobernuak haizearekin lotutako ehun bat intzidentzia erregistratu ditu. Era berean, Suhiltzaile Zerbitzuak hogei bat aldiz irten dira laguntza tekniko ematera, baina ez da inor zauritu.

Gorabehera gehienek bigarren mailako bideetan gertatu dira, baina N-121 A, N-121B, A-10 eta N-135 errepideetan ere izan dira kalteak, baita NA-170, NA-411 eta NA-4000 errepideetan ere, besteak beste. Gehienetan, adarren eta zuhaitzen erorketek eragin dituzte arazoak. Horien eraginez, trafikoa eten behar izan da zenbait bidetan.

Ipar Euskal Herrian, hainbat zuhaitz erori dira Pirinio Atlantikoetako departamenduko bide sarean, RD 918 eta RD 88 errepideetan.

Garraio publikoari dagokionez, atzerapenak izaten ari dira Bilboko metroaren zerbitzuan, Boluetako instalazio tekniko batean izandako matxura batengatik, eguraldiaren ondorioz. Atzo geltoki berean gertatutako arazo tekniko batek atzerapenak eragin zituen sare osoan.

Gainera, Metro Bilbaok jakinarazi duenez, zenbait geltokitako eskailera mekanikoak, igogailuak eta txartelak saltzeko makinak ez dabiltza, eguraldia dela eta.

Bilboko Portuan edukiontziak erori dira, langileen auto batzuen gainean.

Edukiontziak, Bilboko Portuan.

Arazoak Bilboko Aireportuan

Aireportuetan ere eragin ditu gorabeherak haizeak. Guztira, 27 hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte, eta 15 hegaldi beste aireportuetara bideratu dituzte, Bilboko Aireportuan ezin izan baitute lur hartu, Aenak 12:00ak arte egindako balantzearen arabera.

Hondarribiko aireportuan, oraingoz, ez da aparteko arazorik izan.

Badaezpadako neurriak

Herri eta hiri ugaritan hartu dituzte neurriak, haizeak eragin ditzakeen kalteei aurre egiteko. Gasteizen, esaterako, 'Hiri Larrialdi Plana" ezarrita du Udalak, 09:00etatik, larrialdi aurreko fasean. Besteak beste, Arriaga, San Martin, Florida eta Prado parkeak itxi egin dituzte. Hiriko hainbat gunetan dauden karpa eta aldamioak ere zaindu egingo dituzte. Arabako Foru Aldundiak bertan behera utzi du eskola-kirola.

Donostian ere gaur eta bihar hainbat neurri hartuko ditu Udalak, eta, besteak beste, hainbat parke itxita egongo dira. Honako hauek dira sarbidea debekatuta izango duten guneak: Aiete parkea (sarbidea debekatuta, kultur etxera izan ezik), Cristina Enea, Urgull (sarbidea debekatuta, Orixe ikastolara izan ezik), Miramar, Serafin Baroja eta Oroimenaren Parkea. Halaber, Santa Klara Uhartera joateko garraio eta bisita zerbitzuak etenda egongo dira. Gainera, Polloeko hilerria itxita egongo da gaur arratsaldean. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bertan behera utzi du eskola-kirola.

Bere aldetik, Bilboko Udalak oharra kaleratu du, herritarrei kontuz ibiltzeko gomendatu eta hainbat aholku emateko: ateak itxita eta toldoak jasota izateko esan die; balkoietatik lurrera erori daitezkeen loreontziak edo bestelako objektuak jasotzeko; eta aldamioak, garabiak eta eraikuntza lanetako beste elementuak ondo lotuta izateko. Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, honako mezua bota du, eskola-kirolaren harira: "Alerta laranja dela eta, jardueren arduradunek eskola-entrenamenduak bertan behera utzi ahal izango dituzte, ezaugarri orografikoen, aska daitezkeen elementuen (zuhaitzak, kartelak, aldamioak, etab.) edo bestelako arriskuen arabera".

Bideoak (4)