Itxi

Epaiketa

Pujana, arma zuriz "erabakitasun osoz" egindako bederatzi lesioek eragindako hemorragiak jota hil zen

EITB Media

Leer en Castellano

Aintzane Pujanaren hilketaren inguruko epaiketaren hamaikagarren saioan, biktimari autopsia egin zioten bi auzitegiko medikuek deklaratu dute, besteak beste.

Aintzane Pujanaren hilketagatik egiten ari diren epaiketako une bat. EFE.

Arma zuriz bularrean eta sabelean "erabakitasun osoz" eta "azkar" egindako bederatzi zaurik odoljarioa eragin zioten Aintzane Pujanari, eta horren ondorioz jasan zuen shock hipobolemikoa izan zen heriotza eragn ziona, 2021eko urtarrilaren 2ko goizaldean. Hala erakutsi dute krimenetik bi egunera Aizarnazabalgo magal batean topatutako hilotzari egin zioten autopsiaren emaitzek. 

Aintzane Pujanaren hilketaren inguruko epaiketaren hamaikagarren saioan, biktimari autopsia egin zioten bi auzitegiko medikuek deklaratu dute, baita ikerketa egin zen garaian Ertzaintzako genetika forentseko zerbitzuaren arduradun zenak eta beste bost agentek ere. 

Forentseek esan dutenez, gorpua lehenbizikoz ikuskatu zutenean topatu zituzten "hainbat daturen" ondorioz, "kasua hilketa gisa" ikertzea erabaki zuten. Kontatu dutenez, gorpuak ubeldurak eta hematomak zituen, baita presio- eta azazkal-markak ere, heldu izan baliote bezala. Gainera, bestelako lesioak ere bazituen, "bere burua kolpeetatik babesteko saiatu" denak izango lituzkeenak, baita bularraldean eta sabelaldean ere, "arma zuriz" egindakoak izan zitezkeenak.

Azken horiei dagokienez, guztira bederatzi zauri "oso antzeko" aurkitu zituztela adierazi dute, "aho bakarreko elementu zorrotz eta moztaile batekin" egindakoak, eta biktima bizirik zegoela egin zizkiotela.

Horrez gain, sabelaldeko zauriak "oso azkar eta une bakarrean" gertatu zirela ondorioztatu zuten, eta bularraldekoak, berriz, "aldakorragoak ziren ez zuten hainbesteko sakontasunik". Sabelaldean egindako lesioetan "erabakitasun osoz" egin zizkiotela ere adierazi dute, sabelaldean "sakonean eta modu nabarmenean sartuta baitzeuden". Hori ez dator bat akusatutako emakumearen kontaketarekin; izan ere, polizia-etxean egindako aitorpenean, akusatuak Pujana "behartuta" sastatu zuela adierazi zuen, akusatutako gizonezkoak egin zizkiola ebakiak, haren eskuari helduta.

Buruko traumatismoak gainazal baten aurkako "inpaktu handi batek", astinaldi batek, edo "ukabil baten moduko objektu kamuts batek" eragin zitzaketela ere gaineratu dute, eta horrek garuneko lesio "ez-hilgarriak" eragin zizkiola. Erasoak "premiazko estimuluei erantzuteko ezintasuna" eragin omen zion, esaterako, "bere burua muturreko arriskutik babestekoa".

Auzitegiko medikuek nabarmendu dutenez, ez zuten "ohikoa izaten den gisan" arma zuriz egindako lesiorik aurkitu biktimaren eskuetan eta besoetan, ziurrenik biktima "kontzientzia baxuarekin edo konorterik gabe zegoelako" eta "ez zelako mugitu".

Gorpuari egindako analisi toxikologikoei begiratuta, Pujanak azken hiru hilabeteetan substantzia estupefazienteak kontsumitzeaz gain, une horretan odolean 2,5eko alkohol-tasa zuen eta antsiolitikoak kontsumitu zituen.

Bestalde, auzitegiko medikuek adierazi dutenez, biktimaren gorpuan ez zuten bi akusatuen DNArik aurkitu; gorpua urtarrilaren 2tik 4ra egurats gorrian egon zela azaldu dute.

Hala ere, akusatuaren DNAa aurkitu zuten motxila beltz baten kremaileran eta poltsiko txikian, eta biktimaren maindire batean, eskuleku batean, garbigailuan eta ohe bateko lastairan aurkitutako odol-orbanetan.

Halaber, neskaren eta akusatuaren DNA aurkitu zuten establezimenduko komunean topatutako odolean, baita akusatuaren DNArekin "bateragarriak" ziren arrastoak ere, bainugelan, harraskan, sukaldeko zoruan eta batean jasotako odol-tantetan.

Epaiketak ostiral honetan jarraituko du auzitegi mediku eta ertzain gehiagoren deklarazioarekin.