Eguraldia
25 graduko tenperatura maximoak ostegunera arte, Euskal Herri osoan
EITB MEDIA
Aste hasieran, zeru estaliagoak izango ditugu, baina tenperaturak udaberri sasoikoak izango dira.
Geratzeko asmoz etorri zaigu beroa. Asteburua uda giroan igaro ostean, termometroak 25 graduraino igoko dira Euskal Herri osoan, eta ostarte zabalak izango dira zeruan, goizeko lanbroa gorabehera. Litekeena da arratsalde-gau partean zaparradaren bat edo beste botatzea.
Gaur, astelehena, laino gehiago ikusiko dira zeruan, baina tenperatura atseginak izango dira nagusi, 25 gradu ingurukoak. Minimoak 15-16 gradukoak izango dira kostaldean, eta 12-13 gradukoak barnealdean. Goi hodeiak eta erdi mailako hodeiak izango dira, eta euri arina egin lezake. Haizea hego-ekialdetik iritsiko da, eta motel ibiliko da, Nafarroako hegoaldean salbu.
Astearterako, ostarte gutxi espero dira, baina beroak gure artean jarraituko du. Arratsaldean, berriro egin lezake euria.
Asteazkenean, euritsu esnatuko da eguna, 24 gradu inguruko tenperatura maximoekin. Giro nahasiak aginduko du han eta hemen.
Ostegunerako, aldaketa dator. Hotzik ez, baina tenperatura nekez iritsiko da 20 gradura, eta prezipitazioak ugariagoak izango dira.