Trafikoa
Kamioi baten eta auto baten arteko talkak auto-ilarak eragin ditu Muxikan
eitb media
Ez da zauriturik izan, baina eguneko puntako ordua denez, 7:10etik aurrera inguruan auto-pilaketa handiak sortu dira.
Kamioi baten eta auto baten arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Muxikan (Bizkaia), BI-635 errepidean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ezbeharra 7:10 aldera gertatu da, eta zorionez, ez da inor zauritu. 8:15ean larrialdi zerbitzuak errepidea garbitzen ari ziren, eta auto-ilarak oraindik luzeak ziren, bereziki Zornotzarako noranzkoan.