Itxi

Bularreko minbizia

Osakidetzak 718 bularreko tumore atzeman zituen 2023an, bularreko minbizia goiz detektatzeko programari esker

N. B. | EITB MEDIA

Gero eta minbizi kasu gehiago detektatzen diren arren, gaixotasunaren eragina murriztu egiten da detekzio goiztiarrari esker eta tratamendu "gero eta pertsonalizatuagoak, eraginkorragoak eta albo-ondorio gutxiagokoak" aplikatzeari esker.

Bularreko minbizia duen emakume bat, lazo arrosarekin. Argazkia: Canva.

Osakidetzak 718 tumore atzeman zizkien iaz euskal emakumeei, orain arteko  kopururik altuena, hiru hamarkada bete dituen Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programari esker. Atzemandako minbizi gehienak estadio goiztiarretan zeuden, Osasun Sailaren arabera.

Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta, Euskadik bat egiten du urtero milaka emakumeri eragiten dien gaixotasun honen aurkako borroka globalarekin. Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen Behatokiaren kalkuluen arabera, 2023an 1.741 kasu atzeman zituzten Euskadin, eta 35.312 Espainiako Estatuan.

Gainera, Munduko Osasun Erakundearen (MOE) Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak bularreko minbiziari buruz bildutako azken datu globalen arabera, 2020an bularreko minbiziaren 2,3 milioi kasu diagnostikatu ziren munduan.

Minbizi mota arruntena da mundu mailan, minbizi kasu guztien % 11,7 inguru baitira.

Datu horiek argi erakusten dute zein garrantzitsua den sentsibilizazio kanpainak eta detekzio-probak egiten eta tratamenduak hobetzen jarraitzea; izan ere, gero eta minbizi gehiago detektatzen diren arren, Osakidetzak gogorarazi du biziraupenak gora egiten jarraitzen duela Euskadin, eta gaixotasun horren eragina murriztu egiten dela detekzio goiztiarrari esker eta tratamenduak "gero eta pertsonalizatuagoak, eraginkorragoak eta albo-ondorio gutxiagokoak" aplikatzeari esker.

Elikadura orekatuak eta jarduera fisiko egokiak funtsezko zeregina dute gaixotasun hori duten pertsonen ongizatean. Maider Santamaria Legazpiko bizilagunari 2021ean diagnostikatu zioten bularreko minbizia, eta elikadura orekatu eta pertsonalizatuan funtsezko laguntza aurkitu du tratamendu onkologikoari aurre egiteko.

Idoia Garde, onkologian espezializatutako nutrizionista, eta Jon Madinabeitia, ariketa fisikoan eta minbizian aditua, izan ditu bidelagun. Horren testigantzaren arabera, dieta egokitzeak eta nutrizioa zaintzeak aldea marka dezake errekuperatzeko bidean.