Manifestazioa
Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektua gelditzeko eskatu dute milaka lagunek Gernikan
EITB Media
Manifestariek egitasmoa gelditzeko eskatu dute, "Busturialdearen etorkizunaren alde". Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta, parte-hartzaileek salatu dute proiektuak ez diela eskualdearen beharrizanei erantzuten, "erakunde pribatu baten nahiei baizik".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka lagunek hartu dute parte Gernika-Lumon larunbat honetan Urdaibaiko Guggenheim museoaren aurka egindako protestan. Manifestariek egitasmoa gelditzeko eskatu dute, "Busturialdearen etorkizunaren alde". Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta, parte-hartzaileek salatu dute proiektuak ez diela eskualdearen beharrizanei erantzuten, "erakunde pribatu baten nahiei baizik".
Kultur eta gizarte eragileek, ordezkari sindikalek eta zenbait alderdi politikok babestu duten manifestazioa 18:00etan abiatu da Pasealekutik.
Manifestazio "zaratatsua" izan da gaurkoa, horretarako deia egin baitzuten deitzaileek.
"Guggenheim Urdaibai Stop. Busturialdearen Etorkizunaren defentsan" leloa zeraman pankartaren atzean, txistu, zintzarri, lapiko eta karraka hotsak entzun dira, "Urdaibai ez dago salgai" oihuen artean.
Protesta hasi orduko, plataforma horretako ordezkariek esan dute egitasmoari "ezezkoa" emateko elkartu direla gaurko honetan ere. "Inposatutako proiektu bat da, gure eskualdeak dituen beharrei inolaz ere erantzuten ez diona. Horregatik, eskualde hau maite dugun guztiok, entzun gaitzaten, ezezkoa emango diogu proiektuari", esan du Eider Gotxi ordezkariak.
Kazetariei egindako adierazpenetan, eskualdearen etorkizunari begira, zerotik hastea eta behar bezalako azterketa bat egitea exijitzen dutela nabarmendu du, betiere "herritarren hitza eta parte-hartzea aintzat hartuta". "Dena ez da dirua", erantsi dute.
"Informazio faltaren aurrean ez dira ezkutatu behar. Urratsez urrats, proiektu hau egingarri bihurtu nahian dabiltza, bidean hainbat lege moldatuz. Gaur egun indarrean dauden arauek ez dute proiektua onartzen. Beraz, eskatzen dugu atzera bota dezatela, eta jar ditzatela mahai gainean guztiontzat egokiak diren egitasmoak", azpimarratu dute.
Horren harian, iragan astean, Eusko Jaurlaritzako lehen sailburuorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Ibone Bengoetxeak iragarri zuen berandu baino lehen "elkarrizketa eta iritzi truke" prozesu bat abiatuko dutela Urdaibairen etorkizunaz, eta, zehazki, bertan eraiki nahi duten Guggenheim museoaren aferaz eztabaidatzeko.