Itxi

ISRAEL PALESTINA

Almodovarrek, Coixetek eta beste 300 artistak gutun bidez eskatu diote Sanchezi Israelera armak ez bidaltzea

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

"Espainiak harreman militarrak izaten jarraitzen duen bitartean, sarraski honen konplize izaten jarraituko du", ohartarazi dute.

300 parte-hartzaileetako batzuen aurpegiak.

300 intelektual eta artista baino gehiagok, tartean Pedro Almodovarrek, Isabel Coixetek, Rozalemek eta Aitana Sanchez Gijonek, gutun bat bidali diote Espainiako Gobernuko presidenteari, Israeli armak enbargatzea eskatzeko: "Espainiak harreman militarrak izaten jarraitzen duen bitartean, sarraski honen konplize izaten jarraituko du", ohartarazi dute.

Gutunean diotenez, Sanchezek "premiazko neurriak" hartu behar ditu Israeli armen enbargoa ezartzeko; izan ere, neurri hori "indartsua" dela uste dute bakea mantentzen laguntzeko, eta beste testuinguru askotan ere eraginkorra izan da, Hegoafrikako apartheidaren amaieran, esaterako.

Mikel Izal, Iciar Bollain, Alba Flores eta Andreu Buenafuente ere sinatzaileeen artean daude. Horiek gogorarazi dutenez, egungo Espainiako Gobernuak "bere burua progresista gisa definitzen du" eta "giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen defentsa maila globalean gidatu nahi du", hori dela eta, "askoz gehiago egin behar du herri palestinarraren eta Libanoko herriaren eskubideen alde".

Hori horrela, "agindu morala ez ezik, nazioarteko zuzenbidearen araberako betebeharra ere bada", haien ustez, "Espainiatik armak eta munizioa hornitzeak, armak eta erregai militarra igarotzeak eta material militarra erosteak okupazioa betikotzen eta Palestinako herriaren gaineko genozidioa finantzatzen laguntzen dute, eta zibilen biziak eta sufrimendua areagotzen dute".

Israelgo militarra Gazako Zerrendako operazio batean. Argazkia: EFE.

"Hilabete gehiegi daramatzagu Israelek egunero egiten dituen sarraskiak izututa ikusten", gogorarazi dute Luis Tosarrek, Sergi Lopezek, Marisa Paredesek eta Pepe Viyuelak, Paco Ibañezek eta Lluis Llachek babestutako idatziak, eta "konplize izan nahi ez duen herriari entzuteko" deia egin diote.

Suntsiketa Gazan. EFE

Joan den ostegunean, Pedro Sanchezek Europar Batasuneko gainerako buruzagiei eskatu zien Israelera armak esportatzeari uzteko, eta Palestina Estatu gisa oraindik aitortu ez dutenek hala egiteko. Besteak beste, Ekialde Hurbileko eta Ukrainako egoera aztertu zuen Europako Kontseiluaren azken bileran egin zituen eskaera horiek Sanchezek.