Itxi

Ikerketa

Futbolariek gaixotasun neurodegeneratiboak izateko arrisku handiagoa dute buruko kolpeen eraginez

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Ikerketak azken 50 urteetan buruan hartutako kolpeak areagotu egin direla egiaztatu du. Kalkuluen arabera, profesionalek 2.000 burukada inguru ematen dituzte 20 urteko ibilbidean, eta 10 urtean % 50eko probabilitatea dute garuneko konmozioa izateko.

Bi jokalari baloia buruz jokatzeko lehian atzo, Valentziako Mestalla futbol-zelaian. Argazkia: EFE

Clinic-Idibaps zentroak eta Bartzelonako Unibertsitateak (UB) egindako ikerketa baten arabera, buruko kolpeen ondorioz gaixotasun neurodegeneratiboak (dementzia, parkinsona edo ELA) izateko arrisku handiagoa dute futbolari profesionalek.

Ikertzaileek buruko kolpeen kopurua eta maiztasuna aztertu dute, azken 50 urteetako lau munduko txapelketen partiden 120 bideoren analisiaren bidez (Alemania 1974, Italia 1990, Alemania 2006 eta Qatar 2022), Clinic zentroak gaur jakinarazi duenez.

The Lancet Neurology aldizkariak argitaratutako ikerketak urte horietan buruko kolpeak areagotu egin direla egiaztatu du (4.478 kolpe 1974an eta 1990ean, eta 5.355 kolpe 2006an eta 2022an). Era berean, areagotu egin dira jokalarien arteko talkak (buruan ukondokadak barne) eta baloiari emandako burukadak.

Talken % 33tan arreta medikoa behar izan zuten jokalariek, eta bost aldiz zelaitik atera behar izan zituzten. Ikerlanaren arabera, futboleko jokalari profesionalek 2.000 burukada inguru ematen dituzte 20 urteko ibilbide batean.

Gainera, 10 urteko ibilbidean, garuneko kommozioa izateko probabilitatea % 50ekoa da, burukada bakar baten eraginez. Beraz, arriskua murrizteko, hezkuntza-programak, jokoa gehiago arautzea eta babes-ekipamendua erabiltzea eskatu dute ikertzaileek.