Guggenheim Urdaibai
Greenpeacek salaketa jarri du, Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko Kostaldeko Legea urratu dutelakoan
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren aurka jarri du salaketa talde ekologistak. Museoa eraiki ahal izateko, Muruetan Urdaibaiko paduren babes eremua 100 metrotik 20ra murriztu dutela eta hori Kostaldeko Legearen kontrakoa dela dio Greepeacek.
Greenpeace talde ekologistak salaketa jarri du Auzitegi Nazionalean Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioren eta Eusko Jaurlaritzaren kontra —azken hori demandatu gisa pertsonatu da—, Urdaibaiko Biosferan Guggenheim museoa eraikitzeko Kostaldeko Legea urratzeagatik. Zehazki, Muruetako paduren babes eremua 100 metrotik 20ra murriztea salatu dute.
Babes gunea ez errespetatzeak Kostaldeko Legea bakarrik ez, Europako legedia ere urratzen duela erantsi du Greenpeacek ohar batean, Urdaibaiko padurak Red Natura 2000 babestutako eremuan daudela gogora ekarrita.
Lorea Flores Greenpeacek Hego Euskal Herrian duen eledunak ingurugiroa suntsituko ez duten proiektuen alde egin du. Haren hitzetan, "ezin dira interes pribatuei erantzuten dieten proiektuak diru publikoarekin sustatu, herritarren parte-hartzerik gabe eta herritarren kaltetan".
Salaketa formalki atzo aurkeztu bazuten ere, maiatzean hasi zuen Greenpeacek administrazioarekiko auzi-prozesua, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak kaleratutako aginduaren kontra. Orain, Auzitegi Nazionalean salaketa aurkeztuta, "aurrerapauso bat" egin dutela ziurtatu du talde ekologistak.
Guggenheim berriak 61.000 metro karratu hartuko lituzke, bi egoitzatan banatuta: bata, Gernikako Dalia fabrika zaharrean, eta bestea, Muruetako ontziolaren inguruan. Floresek nabarmendu duenez, eraikinok lotuko dituen bidea babestutako eremua da eta aurreikuspenen arabera, milaka bisitari hartuko lituzke museoa bertan eraikiz gero. Horrek inguruari eragingo lioken kaltea konponezina dela gehitu du, eta proiektua berehala geldiaraztea eskatu.
Hurrengo egunotan igorriko die Auzitegi Nazionalak Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari talde ekologistak salaketan aurkeztutako idatzia, azter dezaten.
Bere aldetik, atzoko Gobernuko Kontseiluaren ondorengo agerraldian, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen Guggenheim Urdaibairen proiektua "Gobernu Programan jasota" dagoela, eta ez dutela atzera egingo. Gaiaren inguruan "iritzi kontrajarriak" daudela jakitun, herritarren "entzute aktiboa" martxan jarriko dutela agindu zuen. "Ez da museo bat bakarrik, bailara oso bat biziberritzeko proiektua da", zehaztu zuen.