Itxi

Ingurumena

Tabakogintza industriak zigarro muturrak birziklatzeko lanak bere egin beharko ditu eta garbiketa finantzatu

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuak onartu berri duen errege dekretuaren arabera, udalek hondartzetan erretzea debekatu ahalko dute. Zigarro mutxikin bakar batek 4.000 substantzia kimiko ditu eta 50 litro ur kutsa ditzake. Tabakoaren hondakinak 10-15 urteren buruan desagertzen dira.

Tabakoaren industriak hondartzak garbitzeko lanak finantzatu beharko ditu. Argazkia: EITB Media

Filtrodun tabakoaren ekoizleak derrigortuta egongo dira aurrerantzean zigarroen "hondakinen kudeaketak eragindako gastuak bere gain hartzera", Espainiako Gobernuak asteartean onartutako errege dekretuaren arabera. 

Bestela esanda, araudiak dio zigarron muturrak birziklatzea bere gain hartu beharko dutela, kalean zein hondartzetan barreiatuta geratzen diren hondakinak —baita horiek garbitzeko eta arazteko azpiegiturak ere— garbitzeko kostua ordaindu, eta hondakinak murrizteko helburuz, herritarren artean kontzientzia areagotzeko kanpainak sustatu. Gainera, hondakin plastiko horiek ingurumenean duten eragina neurtzeko ikerketa finantzatu beharko dute. 

Halaber, udalei eskumenak eman dizkiete hondartzetan erretzea debekatzeko, eta arau-hausteak zigortzeko. 

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikoko Ministerioak emandako datuen arabera, Espainiako Estatuan urtero 2.720 tona zigarro mutur sortzen dira, horietatik % 70ek lurrean amaitzen dute. Zigarro mutxikin bakar batek 4.000 substantzia kimiko ditu eta 50 litro ur kutsa ditzake. Tabakoaren hondakinak 10-15 urteren buruan desagertzen dira. 

Nazioartean, urtero 6 bilioi zigarro kontsumitzen dira, eta horietatik 4,5 milioik natura-inguruetan bukatzen dute. Bildutako hondakinen % 30 zigarro puntak dira. Suteen % 3ren eragile dira, gainera.