Itxi

Donostia

Udalak debekatu egin du Kaleko Afari Solidarioen ekimena Egia auzoan, "segurtasun arazoak" saihesteko

EITB Media

Leer en Castellano

Udalak urgentziazko agerraldia egingo du erabakia azaltzeko. Taldeak urteak daramatza baliabiderik ez duten pertsonei afariak banatzen, baina gaurtik aurrera galarazita dauka. Debekua ekimen solidarioaren aurka antolatutako protesta baten harira hartu du Udalak; PPko zinegotziak izan ziren bertan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kaleko Afari Solidarioak taldeak Egia auzoan egiten duen afari banaketa debekatu du Donostiako Udalak, "segurtasun arazorik" egon ez dadin. Kolektiboak Donostiako beste auzo batzuetan ere egiten du banaketa (Alde Zaharrean eta Amaran, kasu), baina Egiakoa da galarazi duten bakarra. 

Debekua atzo, asteazkenarekin, ahoz jakinarazi zien Udaltzaingoak taldeko boluntarioei. Astelehenean ekimenaren kontra baimenik gabe egindako protesta batean sortutako tentsioa dela eta hartu omen dute erabakia. Herritar batzuek sare sozialen bitartez antolatu zuten elkarretaratzea, "segurtasun handiagoa" eta "delinkuentzia murriztea" eskatzeko. PPren hiru zinegotzi ere izan ziren bertan. 

Martin Ibabe Udaleko Hiri-Segurtasun zinegotziak urgentziako agerraldia iragarri du gaur goizerako (10:00).

Bestalde, Kaleko Afari Solidarioak taldeko boluntarioek ere agerraldia egingo dute arratsaldean (18:00etan), gertatutakoa azaltzeko. Aurrez egindak balorazio batean azaldu dutenez, lau urte daramatzate arazo barik afariak banatzen. Salatu dutenez, "elkartasuna ezin da delitu izan". 

Ertzaintzak sei pertsona identifikatu zituen astelehenean baimenik gabe antolatutako elkarretaratzean. Segurtasun Sailak asteazkenean zehaztu duenez, horietako lau desordena publikoengatik zigortuko dituzte, eta bi "poliziaren lana oztopatzeagatik". 

Instagrameko profil baten bidez egin zen deialdia, herritarrei "elkarretaratze baketsu" batean parte hartzeko deia eginez, eta protesta "astelehenero" errepikatzeko eskatuz. PPko hiru zinegotzi izan ziren elkarretaratzean, eta Alderdi Popularrak iragarri du bilkura astelehenero egiteko baimena eskatuko duela orain. 

Astelehenekoa 20:00etan hasi zen, Iztueta kalearen inguruan, Kaleko Afari Solidarioak kolektiboak otorduak ematen dituen lekutik oso gertu. 

Kolektibo solidarioko iturriek azaldu dutenez, protesta deialdiaren berri izandakoan, ordu erdi aurreratu zuten banaketa, 19:30era, afariak banatzea "bermatzeko" eta "edozein istilu saihesteko". Afariak banatuta, boluntarioak etxera joan zirela eta ez zutela kontra-protestarik deitu zehaztu dute . 

Erreakzioak

SOS Arrazakeriak debekua salatu du, ohar bidez: "Erakundeek egoera konpontzeko baliabideak jarri ordez, segurtasun ezaren diskurtsoa erosi dute eta neurri polizialak bakarrik ezarri dituzte". Horren hitzetan, "lotsagarria" da astelehenean gertatutakoak aitzakiatzat hartzea afariak debekatzeko. 

Gobernuz kanpoko erakundeak PPko hiru zinegotziak ere estu hartu ditu, elkarretaratzean parte hartzeagatik. "Ekimen solidarioarekin amaitu nahi zuen, talde xenofoboek eskatutakoari men eginez", salatu du. SOS Arrazakeriaren ustez, "berria da hori, eta oso kezkagarria, guztiz insolidarioak diren neurriak babesten dituztelako eta komunitatearen polarizazioa sustatzen dutelako". 

Elkartearen esanetan, "magrebiar itxura duten gazteak jazarpenaren biktima" izaten ari dira, eta horietako asko eta asko "bazterkeria egoeran" daudela gogorarazi du. Era berean, "sare sozialetan mezu xenofoboak zabaldu eta mehatxuak egiten dituztenen estrategia" kritikatu du. Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, "delitu baten biktima den batek bidezkoa duen haserrea erabili dute xenofobiaren diskurtsoa haizatzeko. Herritar batzuek diskurtso hori erosi dute", deitoratu du.

Sare Antifaxistak eta Kontseilu Sozialistak atzo salatu zuten Udalaren erabakia sare sozialetan. "Elkartasuna ezin da debekatu!", adierazi zuen lehenengoak, eta "faxismoaren eta arrazakeriaren hedatzearen aurrean antolatu! Kaleko Afari Solidarioekin elkartasun osoa!" bigarrenak.

"Zein alternatiba emango die Udalak ekimen honi esker kale egoeran dauden eta egunean otordu bero bakarra hartzeko aukera duten 200 herritarrei?", galdetu zuen EH Bilduk, X sare sozialean.

PPk protestan egotea justifikatu du

Bestalde, Jorge Mota PPko zinegotziak baieztatu du bera eta Borja Corominas eta Vanesa Velez alderdikideak elkarretaratzean izan zirela.

Zinegotziak "duela urte batzuk" egiten ziren "kontra-elkarretaratzeekin" alderatu du gertatutakoa, ETAren aurka protesta egiteko Bakearen usoan edo Artzain Onaren plazan biltzen zirenean, beste batzuek bakezaleen ekintzak "lehertzeko" asmoz egiten zituztenak.

Motak zehaztu duenez, ika-mikak hasi zirenean, Ertzaintza iritsi zen, eta ertzainek "hesi-lana" egin zuten taldeen artean. Hala ere, besteen "irainek jarraitu zuten", eta "liskarren bat" gertatu zen.

Zinegotziaren hitzetan, une jakin batean Ertzaintzako agintari batek esan zion "bi elkarretaratzeak legez kanpokoak zirela, ez zeudelako baimenduta".

Azaldu duenez, PPko hiru zinegotziek ez zuten horren berri, eta Poliziak tokia husteko bost minutuko tartea eman zuenean, guztiak "lasai" alde egin zuten, ez baitzuten "legez kanpoko protesta batean" parte hartu nahi.

Albisteak (1)

Bideoak (1)