Errejonen dimisioa
Errejonen aurkako salaketak atera dituen kazetaria: "Auzitara jo ordez, zergatik jo dute nigana emakumeek?"
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Cristina Fallarasen hitzetan, Sumarren eledun ohiaren kontrako lehen testigantza jaso zuenetik beste dozena bat andrazkoren lekukotzak heldu zaizkio. Emakumeek "espazio seguruak" behar dituzte, bide tradizionalek "ez dutelako funtzionatzen". "Akaso denbora larregi daramagu isilik", esan du.
Cristina Fallarasek, indarkeria matxistagatik Iñigo Errejonen kontrako salaketak azaleratu dituen kazetariak, galdera bota du politikariak dimisioa eman ondoren sortu den lurrikararen aurrean: "Auzitara edo poliziarengana jo beharrean, emakumeek zergatik jo dute nigana? Argi dago estamentu horiek ez dutela funtzionatzen".
Fallarasek duela hiru egun kaleratu zuen Instagramen duen kontuan emakume baten testigantza, eta horrekin lehertu da auzia. Errejonen izen-abizenak aipatu gabe esan zuen "Madrilen bizi den politikari ezagun batek tratu txar psikologikoak" eman zizkiola.
TVEn eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, beste 11 emakumeren testigantzak jaso ditu ordutik. "Emakume horietako batzuek ez dute nahi euren kontakizuna publiko egitea, nahi duten bakarra da nik jakitea antzeko zerbait pairatu dutela", argitu du. Horren ustez, biktimok gertatu zaiena kontatu nahi dute, eta "espazio seguruak behar dituzte" horretarako.
"Politikari batek, enpresaburu batek edo abeslari batek bortxatu egin nauela kontatzeagatik berriro biktimizatu, zalantzan jarri eta depresioak jota bukatuko dudala baldin badakit, akaso ez dut egingo. Hori da gertatzen ari dena, eta arazo larria dugu", salatu du.
Horren hitzetan, emakumeek ez dute zigor asmorik edo inor "seinalatzeko" beharrik. "Ez dira salaketak; salaketek zigorra bilatzen dute, eta emakume horiek nahi duten bakarra da errealitate bat agerian uztea, publiko egin existitzen ez den kontakizun bat", azaldu du, eta horren adibide aipatu du Errejon salatu zuen lehen andrazkoak ez zituela horren izen-abizenak esan.
2018an, La Manada auziaren garaian, emakumeek pairatutako sexu erasoak kontatzeko kanpaina (#Cuentalo mugimendua) gidatu zuen Fallarasek. Orduan bezala, orain ere helburua da "indarkeria sexuala zer den azaltzeko memoria sortzea edo kontakizun kolektiboa osatzea". Izan ere, kazetariaren aburuz, "zerbait egin behar dugu, eta ez arlo judizialean, arlo sozialean baizik". Erasotzaile bat edo beste seinalatzea baino harago doala azaldu du; izan ere, "hainbeste izango lirateke seinalatuak eta hain luzeak epaiketak".
Dena dela, kasu gehiago aterako direla esan du. "Uste dut batek izen bat aipatzen duenean, akaso beste emakume batzuek nahiko dutela esan. Agian denbora larregi daramagu isilik", adierazi du.
Azkenik, Fallarasen ustez, alderdi politikoek indarkeria matxistaren kontrako protokoloak izan beharko lituzkete. Gaur-gaurkoz, ez omen dituzte, eta halakoetan "gertatutakoa estaltzen dute, isildu, eta auzia lehertzen zaienean, ematen du ez zekitela ezer ere. Sumarren erreakzioa beranduegi heldu dela uste dut, elur-jausia gainean izan duenean erreakzionatu du", deitoratu du. Bestalde, jakinarazi du alderdi horretako inor ez dela berarekin harremanetan jarri emakumeen kontaktuak eskatzeko.