Indarkeria matxista
Elisa Mouliaa aktoreak salatu du Errejonek hiru sexu eraso egin zizkiola
Agentziak | EITB Media
Polizia-etxean aurkeztutako salaketaren arabera, politikariak hiru aldiz egin zion eraso gau berean, eta une batean honakoa esan behar izan zion: "Iñigo, 'bai bakarrik da bai'. Gezurra dirudi hau zurekin gertatzea".
Elisa Mouliaa aktoreak komisarian salatu ditu Iñigo Errejonek, atzora arte Sumarren bozeramailea zenak, egin zizkion sexu erasoak, eta hiru izan zirela zehaztu du. Eraso matxistak 2021eko irailean jazo ziren, aktorearen lagun baten etxean egindako jai batean.
Mouliaak Espainiako Poliziak Madrilen duen Emakumeak artatzeko Unitatearen aurrean aurkeztu du salaketa, eta ia berehala filtratu da albiste-agentzia eta hedabideetara. Salaketaren arabera, aktoreak ukituak, musuak eta komentarioak jasan zituen, denak ere bere borondatearen kontrakoak.
Erasoak jaia egin baino lehen, jaia egin zen etxeko logela batean (giltzaz itxi zuen) eta Errejonen etxean egin zizkion. Halako batean, honakoa esan zion emakumeak: "Iñigo, 'bai bakarrik da bai'. Gezurra dirudi hau zurekin gertatzea".
Emakumeak esan du shock egoeran geratu zela, eta ez zituela Errejonek egindakoak baimendu.
Aktoreak X sarearen bidez iragarri du bart Errejonen biktima izan dela, beste emakume batek, era anonimoan, Cristina Fallaras kazetariari bidalitako testigantza bat zabaldu eta Errejonek egindakoa onartu ostean. Kontakizun horrekin lehertu zen auzia.
Hain zuzen ere, kazetari feminista horren ustez, "arazo larria" dago emakumeek "auzitara edo Poliziarengana jo beharrean" berarengana jo behar badute. "Agerian dago estamentu horiek ez dutela funtzionatzen", erantsi du.
Mouliaaren salaketari dagokionez, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak esan du Espainiako Poliziak Errejonen kontra egingo duela salaketan hori egiteko "nahikoa zantzu badaude". Fernando Grande-Marlaskaren ministerioko iturrien arabera, agenteek "gertakariak benetakoak ote diren egiaztatuko dute ikerketan, eta horretarako lekukotzak jaso eta, halakorik balego, grabazioak aztertuko dituzte".