Kantabria
Hiru pertsona hil dira Santanderren, gas leherketa baten ondorioz eraikin bat behera etorrita
agentziak | eitb media
Eraikin horretako eta aldameneko zortzi bizilagun ospitaleratu behar izan dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Santanderko La Albericia kaleko eraikin bat behera etorri da gaur goizaldean izan den gas-leherketa baten ondorioz, eta hiru pertsona hil dira.
EFE albiste agentziak Kantabriako Gobernuko eta Santanderko Udaleko iturriak aipatuta jakinarazi duenez, goizaldeko laurak aldera izan da ezbeharra kale horretako 24. atarian, eta inguruko eraikinetako bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte.
Goizean goiz, eraikinaren hondakinen artean harrapatuta geratu den pertsona baten hilotza atera dute, eta gero aurkitu dituzte beste bien gorpuak.
Gainera, behera etorritako eraikineko eta aldameneko zortzi bizilagun Valdecilla ospitalera eraman dituzte.
Zazpi pertsonak ospitalean jarraitzen dute, gehienak kea arnastu dutelako, eta erredurak zituen bat Gurutzetako ospitalera eraman dute, Barakaldora.
Ramon Herreria Valdecilla ospitaleko zuzendari medikoaren jakinarazi duenez, ospitaleratuak, tartean bi adingabe, "egonkor" daude, eta ez daude larri.
Guztira 10 pertsona eraman dituzte ospitalera, baina bik sendagiria jaso dute jada eta bestea, esan bezala, Gurutzetara eraman dute.
Azken horrek erreta du gorputzaren % 37, eta Bizkaiko ospitale horretako Erredura Handien Unitatean sartu dute.
Valdecillan dauden zazpi lagunetako bost ZIUn daude, eta bi adingabeak dira: buruan kolpea jaso duen 8 urteko neskato bat eta kea arnastu duen 14 urteko mutiko bat.
Segurtasun Indarretako agente bat ere ospitaleratu dute, kea arnastu baitu.
Zazpi lagunetako sei kamera hiperbarikoan sartu beharko dituzte.