Donostia
Astelehen honetan hasiko da 2025eko Urrezko Danborra hautatzeko prozesua
agentziak | eitb media
Azaroaren 10era arte egin ahalko dira hautagaitza proposamenak Udalaren webgunean, eta irabazlearen izena azaroaren amaieran edo abenduaren erdialdean jakingo da.
Astelehen honetan, urriaren 28an, hasiko da 2025eko Urrezko Danborra hautatzeko prozesua, eta Donostian erroldatutako guztiek, elkarteek, fundazioek, kirol taldeek, enpresak eta talde politikoek hautagaitzak proposatzeko aukera izango dute Udalaren webgunean azaroaren 10era arte.
Epea amaituta, Udaleko Idazkaritza Nagusiak eta Herritarren Parte-hartzerako Zerbitzuak proposamenak aztertuko dituzte azaroaren 11tik 22ra, eta, ondoren, Bozeramaileen Batzordearen esku utziko dute horren inguruko txostena.
Talde politikoen bozeramaileak izango dira hautagai finalistak (hiru gehienez) aukeratuko dituztenak azaroaren 25etik 29ra.
Bozeramaileen Batzordeko bi herenek hautagaitza beraren alde egiten badute, zuzenean emango zaio horri Urrezko Danborra. Halakorik gertatu ezean, bozketa irekia egingo da donostiarren artean abenduaren 9tik 15era, eta hurrengo egunean emango da jakitera irabazlearen izena, osoko bilkurak berretsi ostean.